argia.eus
INPRIMATU
Madrilgo titiriteroak askatu dituzte, baina “terrorismoa goratzea” egozten diete
  • Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak “alde egiteko arriskua”, eta “delitua errepikatzearen arriskua” txikiagotu dela argudiatu du.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko otsailaren 11
Raúl García Pérez eta Alfonso Lázaro de la Torre titiriteroak askatu dituzte.

Bost egun kartzelan igaro ondoren, Ismael Moreno Espainiako Audientzia Nazionaleko epaileak aske utzi ditu “terrorismoa goratzea” egotzitako bi titiriteroak. Fiskaltzak titiriteroen espetxeratzea eskatu zuen larunbatean, baina iritziz aldatu du orain. Fiskaltzak babestu du titiriteroen defentsak aurkeztutako errekurtsoa, eta bi artistak aske uztearen alde egin du, “alde egiteko arriskua” eta “delitua errepikatzeko arriskua” txikiagotu dela argudiatuta.

Horrela, Moreno epaileak bat egin du fiskaltzarekin, eta titiriteroak askatzeko agindu du. Nolanahi ere, “terrorismoa goratzea” egozten diete oraindik ere. Egunero epaitegira joan beharko dute sinatzera, eta ezin dute Espainiako Estatutik atera; ondorioz, pasaportea kendu diete.

Azken egunetan kontzentrazio ugari egin da Espainako Estatuan Madrilgo titiriteroen askatasuna eskatzeko. Titiriteroen askatasuna lortuta, Espainiako Estatuko mugimendu sozialak  “kargurik gabeko” askatasuna eskatzeko mobilizatzen ari dira. #LibertadSinCargos traola erabiltzen ari dira deialdiak zabaltzeko.