2002az geroztik Espainiako Estatuko hainbat kolektibotan infiltratutako hamabi poliziaren berri eman dute La Directa eta El Salto agerkariek. Nieves López izen faltsua baliatzen zuen Espainiako poliziaren kasua da publiko egin duten azkena. El Salto-k argitaratu duenez, 2023-24 artean sei hilabete inguru eman zituen infiltratuta, Madrilgo Rebelión o Extinción (XR) eta Fridays for Future mugimendu ekologistetan.
Nievesen jarduteko moduak bat egiten du infiltratutako beste polizia batzuenarekin: Avilako akademian lizentziatu berritan hasi zen gizarte mugimenduetara gerturatzen, formazio-saioetan parte hartzen lehenengo, eta ekintza zuzenetan esku hartzen gero, Arganzuela parkeko arbolen mozketaren kontrako protestetan, adibidez. El Salto-k jaso duenez, mugimendu ekologistetako kideak denbora gutxira ohartu ziren Nievesen jokabideak bazuela zerbait susmagarria. "Badakigu desobedientzia zibila besterik egiten ez dugun mugimenduetan ere poliziak daudela infiltratuta, eta adi egoten ikasi dugu", azaldu dio Rebelión o Extinción taldeko kide Víctor de Santosek El Salto-ri.
Friday for Future mugimenduaren asanbladatan parte hartzen ere hasi zen. "Bere profila ez zetorren bat: 30 urte inguru zituen, motoan heltzen zen eta Carrefourren lan egiten zuela zioen. Fridays-en ikasleak gara gehienok, institutukoak asko, eta inor ez dator motoan", dio, bestalde, Carlak. "Hasieratik genituen susmoak. Lagun batek bere Instagramaz galdetu zion eta konturik ez zeukala erantzun zion". Sare sozialik ez izatea edo publikazio zaharrik ez izatea infiltratutako agenteen ezaugarria da, Alex Méaude eta Tomás Muñoz kazetariek nabarmendu duten moduan.
Geroago, Arganzuelako ekintzagatik isuna jarri zioten infiltratutako poliziari, eta beste hainbat lagunek bezala, haren kontrako helegitea jartzeko XR taldera jo zuen. Eman zuen NAN faltsua medio, talde ekologistako kideek hari-muturrak lotzen jarraitu zuten. 2024ko ekainean Madrilgo protesta batean parte hartu zuen Nievesek. Orduan ikusi zuten azkenekoz. "Egun hartan sekretek jarraitu gintuzten, modu oso agerikoan", kontatu du Nefer izeneko ekintzaileak. Ara izeneko kide batek, bere ustez Nievesek infiltratzea zergatik lortu ez zuen galdetzean, dio: "Edo Informazioaren Brigadakoek nahita egin zuten guztia, guk pentsa genezan jada gai ginela infiltratutako poliziak atzemateko; edo tuntuna zen, besterik gabe". Edozein kasutan, "errepresio modu hori oso krudela da", gehitu du, "paranoia handia eragiten du".
Gertatutakoa nola kudeatu pentsatzen ari dira mugimenduetako kideak orain. "Nievesekin espazioa partekatu zuten pertsonak zaindu nahi ditugu, baina baita horrelakoen beldur diren ekintzaile berriak ere", azaldu du XR-ko Cervek.