argia.eus
INPRIMATU
Madrilgo La Pluma zentro sozial transfeminista hustu dute Desokupa enpresako hogei bat gizonek
ARGIA @argia 2018ko ekainaren 26a

Igandean eman zen jakitera Madrilgo Chueca auzoko La Pluma zentro sozial transfeministaren okupazioaren berri. Biharamunean, goizeko 08:00ak bueltan, hogei norbanako inguruk eraikina hutsarazi zuten. Hustea ordena judizialik barik eta inor polizia agente bezala identifikatu gabe burutu zuten. Hala bada, zentro sozialeko kideek hasieratik susmoa izan dute eraikina hustera gerturatutakoak huste estrajudizialak egiten dituen enpresa bateko langileak zirela.

Guztiaren atzean Desokupa enpresa zegoela argitu ahal izan dute zentro sozialeko kideek. Enpresa pribatua ezaguna da bere langileen profil biolentoagatik eta  eskuin muturrarekin izan ohi duten loturagatik, eta Bartzelonan egindako esku-hartzeengatik auzitara eraman du eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalen DESC Behatokiak. La Plumakoa ez da enpresak Madrilen egiten duen lehen agerraldia.

Behin eraikina hustuta, Madrileko Udaltzaingoa eta Espainiako Polizia gerturatu ziren Barbieri kaleko bosgarrenera. Hustean zauritutako norbanakoek polizia agenteei indarkeria zantzuak erakutsi arren, hauek ez zuten hustea burutu duen taldeko inor identifikatu edo atxilotu. Zaurituetako batzuk traumatismoengatik artatuak izan dira.

La Pluma ‘Orgullo Critico’ plataformak egindako kalejira batean okupatu zuten. Plataformak bere baitan hartzen ditu Madrilgo espazio autonomoetako, LGBTI+ mugimenduko edota mugimendu feministako hainbat kolektibo eta norbanako, geroz eta merkantilizatuago eta despolitizatuago dagoen sexu askapenaren nazioarteko egunari ikuspegi kritikoa eman asmoz.