argia.eus
INPRIMATU
Madrilgo Auztegi Gorenak behin betiko baliogabetu du erraustegiaren kontratua eteteko Bilduko agintarien erabakia
  • Bildu agintean zela, GHK-k 2013ko azaroan Zubietako erraustegia egiteko kontratua bertan behera uzteko erabakia hartu eta enpresa multzoarekin adostu zuen eman beharreko kalte ordaina. Hiru urte eta erdi beranduago, 2017ko urtarrilean enpresa taldearen eta GHKren arteko tratua bertan behera utzi zuen Donostiako 1. Administrazio Auzietarako Epaitegiak. Auziak epaitegietako bidea osorik eginda, azkenean Madrilgo Auzitegi Gorenak erabaki du ez onartzea EHBilduk horri jarritako helegitea.

Zero Zabor @zero_zabor 2019ko urtarrilaren 18a
Zubietako 1. erraustegiaren kontratua eteteko ekitaldia Diputazioan 2013an: erdian enpresen ordezkari Carmelo Aguas, albo banatan dituela Ainhoa Intxaurrandieta eta IƱaki Errazkin.

2017ko urtarrileko sententzia horrek balio gabe utzi zuen Zubietan EAJk eta PSOEk 2011an justu hauteskundeen atarian UTE CGR enpresa taldearekin sinatutako kontratua. Bilduk agintea harturik Gipuzkoako erakunde nagusienetan, hasi berriak ziren obrak gelditu eta 2013an lortu zuen enpresa taldearekin hitzartzera kontratuaren etena, GHKk trukean 8,12 milioi euro kalte ordainetan eta hasitako lanengatik hiru milioi gehiago pagatuta. FCC, Serbitzu, AE&E Inova eta Altuna y Uriak osatzen zuten CGR UTE hura.

Donostiako Auzitegiaren ebazpenari helegitea aurkeztu zioten Tolosaldea eta Urola Erdiko mankomunitateek eta Bilduko 13 kargu ohik (tartean Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko zuzendari ohiak eta Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohiak). Orain Madrilgo Gorenak behin betiko ebatzi du kontratuaren etena baliorik gabe uztea.

Zubietako lehen proiektua, dena dela, hil zen eta orain GHKn agintzen duten EAJk eta PSOEk aurrera daramatena bigarren proiektua da. Hain zuzen honen harira, gaur GuraSOSek prentsa oharrez ohartarazi du bigarren erraustegi proiektu honen kontrako auzibideak martxan daudela epaitegietan: zehazki, EAEko Auzitegi Nagusian helegitea daukate bideratuta Eusko Jaurlaritzak erraustegiari emandako Ingurumen Baimen Bateratuaren baliogabetasuna aldarrikatuz.