argia.eus
INPRIMATU
Madrilen 15 lagun daude gose greban indarkeria matxistaren aurka
  • Otsailaren 9an hasi zuten greba. Esan dute ez dutela bertan behera utziko alderdi politikoek indarkeria matxistaren estatu itunean haiek proposatutako 25 puntuak onartu arte.

ARGIA @argia 2017ko martxoaren 08a
Mónica Rochel gose grebalari berrietako bat da. Argazkia: El diario.es.

Otsailean zortzi emakumek hasi zuten gose greba Madrilgo Puerta del Sol toki esanguratsuan. Haietako lauk utzi dute greba osasun arazoengatik eta martxoaren 3an hamaika lagun batu zaizkie grebara, hamar emakume eta gizon bat.

Espainiako Estatuak indarkeria matxistaren krisi mahaia osa dezan eskatzen dute, Espainiako kaleetako odol isuria gelditzeko. Espainiako Estatuko Berdintasun Ministerioaren datuen arabera, 2017an 16 emakume hil dira haien bikotekide edo bikotekide ohien eskuetan eta 17. kasu bat ikertzen ari dira. Azken urteotako daturik okerrena da.

Indarkeria matxistaren ondorio larrienari galga jartzeko grebalariek 25 proposamen egin dituzte. Horien artean daude, feminizidioa kontzeptua onartzea, indarkeria matxistagatik zigortutako gizonek haien seme-alabekin harremanik ez izatea, eta epaiketak irauten duen bitartean emakumeen berrindartzeaz arduratzea. Martxoaren 6an Senatuan 25 eskaerak azaltzeko aukera izan zuten.

El diario.es egunkariak grebalariekin hitz egin du Puerta del Solen. Emakumeoi etsigarria egin zaie politikari bat bera ere ez gerturatu izana alderdiaren izenean, nahiz eta norbanako gisa hurbildu diren: “Badirudi ez dutela euren burua agertu nahi halako gai batean, askok esan digute argazkirik ez dutela nahi”.