Madrilgo Batzarrak hala erabakita, hedabide publiko autonomikoek debekaturik izango dute apustu etxeen iragarkiak emititzea. Telemadrid telebista kateari eta Onda Madrid irratiari eragingo die debekuak.
Aipatu beharra dago bi hedabide horiek, Madrilgo Batzarraren erabakia indarrean jarri baino lehen ere, ez zutela apustu eta joko etxeen iragarkirik emititzen, zuzendaritzek hala erabakita. Debekuarekin, baina, urrats berria eman du Madrilgo erkidegoak, eta aurrekaria markatu du gainerako hedabide publikoentzat.
"Madrilgo Irrati Telebistak ez ditu online jokoa, joko aretoak edo apustu etxeak sustatzen dituzten iragarkirik emitituko, ordutegia edota programazioa edozein izanik ere", irakurri daiteke 8/2015 legearen pasarte batean, Juan José Mateo kazetariak nabarmendu duen bezala El País egunkarian.
Podemos alderdiak proposatu zuen iragarkiok debekatzea, eta alderdi guztien babesa jaso du. Ludopatiaren aurka lanean ari diren eragileek hamaika bider ohartarazi dute hedabideetan horrelako iragarkiak emititzearen eta jokoarekiko adikzioaren arteko loturaz, arreta berezia jarrita adinez txikikoengan.
EITB kateko irrati eta telebistetan ohikoak dira iragarkiok.