Bécquer no era idiota ni Machado un ganapán… Hogeita hamabost gradutan eta Gabinete Caligari-ren Camino Soria entzunez igaro dut bidaiaren gehiengoa, errepide ertzean noizbehinka agertzen diren zezen beltz erraldoiei agur eginez. Laugarren orduan sartzear, Madrilera garamatza zuzenean A-1 errepideak. Esperientzia bisual berezia da hiru milioi eta erdi biztanle dituen hiri batean barneratzearena: nekazal eremu amaigabeetan instalazio industrialak areagotzen hasten dira gutxinaka-gutxinaka, eta ortzi-mugan, lau zutabe handi: Torre de Cristal, Torre Cepsa, Torre PwC eta Torre Espacio. Gabinete Caligarik Desgaraian taldeari bide eman dio ordurako: New Yorkeko egunsentiak lohizko lau zutabe ditu…
Galtzeko toki egokiak omen dira hiri handiak, zentzu metaforiko zein literalean. Fuencarraletik Userara, nondik datozen ahaztu nahi luketen pertsonez bete ohi dira kaleak: ikasleak, familiak, langileak. Adreilu gorrien artean euren lekutxoa bilatzera datoz, aukera bila, lan bila, edo jendartearen anonimotasunean desagertzera besterik ez. La Capital, La Villa, La Gran Ciudad, amets amerikarraren bertsio espainola dirudi.
Nik ere ilusio inuzente batez begiratzen diot hiriari autobuseko leihotik, Zoey 101 telesaileko Zoey-k Maliburi begiratzen dion modu bertsuan (2000ko hamarkadan jaiotakoek bakarrik ulertzeko moduko erreferentzia, barka). Turista prekario gisa nator, estera motxila gainera lotuta eta nirea ez den Alsako bono batekin, baina ez dakit, inguratzen zaituenaren handitasunak handi sentiarazten zaitu batzuetan, edo agian ilusio optiko bat besterik ez da. Agian, edo ziurrenik.
Kontua da, gutako gehienontzat behintzat, handitasun zantzu horiek uste baino azkarrago desagertzen direla. Ez dut bertan denbora askorik igaro, baina zalantza handirik gabe ausartzen naiz sailkapen bat egitera: Madril A eta Madril B. Taxia hartzea Madril A da eta metroan itotzea Madril B. Era berean, Salamanca, Retiro, Moncloa - Aravaca Madril A dira, eta Puente de Vallecas, Carabanchel, San Blas Madril B. Antzera jarraituz, Madril A: La Moralejako Unibertsitate Ospitalea, Club de Tennis Chamartín, Colegio San Patricio, Gran Vía-ko Picalagartos. Madril B: Vallecaseko ospitalea, auzoko futbol zelai dekoloratua, edozein CEIP publiko, Gran Vía-ko McDonald’s.
Nik, pertsonalki, Madril B-n egin dut lo (Begoña auzoko gela txiki batean, lurrean estera botata eta hogeita hamar gradutan), eta egunean zehar Madril A ikusten aritu naiz (Warner, Retiro, Alcázar eta tinto de verano zazpi eurotan). Madril B-tik Madril A-ra igarotzeko metroan, ordea, ezin izan dut zenbait konbertsazio zati entzutea saihestu: nire mutila eta biok Murtziara bizitzera goaz irailean, biok irakasleak gara eta han behintzat plaza gehiago daude oposaketetan, soldata ere hobea, bai, hemen egoera ez dago batere ondo, jangelako monitore bezala dabiltza irakasleak orduak betetzen… Nik egunero bost ordu inguru ematen ditut joan-etorrian, ezin dut gehiago, eskerrak ikasturtea amaitzear den, eta dena alokairua ez ordaintzeagatik, nola dauden kontuak… Ni antzerkia ikastera etorri nintzen baina etxera bueltatu beharko dut azkenean, diru gabe gelditzen ari naiz…
Metrotik irtendakoan, Schweppes kartel erraldoia eta zarata, hiriaren zarata baino ez.
Turista gisa etorri naiz Madrilera, eta espero nuen horrekin egin dut topo. Hemen ez dago amets amerikarrik, ez dago amets madrildarrik, hemen klaseak bakarrik bereizten dira, argi eta garbi, A eta B, B eta A, taxia ala metroa, zentroa ala periferia. Zarata gehiegi dago: biztanleena, poliziarena, korrika irten behar duten saltzaileena, politikoena. Turista gisa etorri naiz baina nola begiratu beste aldera? Nola ulertu A B-rik gabe?
Ateratzen lehenengoek hezurretan dakite ez dela paradisurik maitasunik izango, zenbakien eta legeen lohira doazela, joko zikinetara, izerdi alferrera… Desgaraianen kanta amaierara heltzear da.
Ez dakit ba Madril, nondik gatozen ahaztu nahi eta gure lekua zein den gogorarazi diguzu.