Argentinako hainbat eragilek 2020ko Joko Olinpiarrak Madrilen ez egiteko eskatu dute, egungo zorra biderkatuko litzatekeelako. Nazioarteko Komite Olinpikoak (COI) larunbatean jakinaraziko du ospatuko diren 2020ko Jokoak.
Frankismoaren kontrako taldeak, “No nos vamos, nos echan” elkartea, Euskal Herriaren lagunak elkartea eta beste hainbat gizarte eragile bildu dira Komite Olinpikoak erabakia hartuko den Colón Antzokiaren bueltan. Ohartarazi dute Madrilgo Udalak dagoeneko 8.231 milioi euroko zorra duela eta Ana Botellaren (PP) taldea ezkutuan Espainiako Gobernuari beste erreskate bat eskatzekotan dela. 2012an mila milioi euroko mailegua eskatu zuten, soilik interesak ordaintzeko; gizarte politikan inbertitutakoa baino kantitate handiagoa.
Argentinatik salatzen ari dira arrisku handia dagoela hiriaren zorra biderkatzeko, Madrilek 11.000milioi euroko gastua egingo balu, bere garaian Atenasek eta Londresek egin zuten moduan. Madrilek eginak ditu Joko Olinpiarretarako zenbait inbertsio, Kaosenlared.net hedabideak azaldu duenez. Caja Mágica izeneko teniseko pistan 300 milioi euroko inbertsioa egin da jada, aurreikusitakoaren bikoitza.
Higiezinen espekulazioa, xahutzea eta gutxi batzuen poltsikoak gehiengoaren ongizatea jaistearekin betetzea; Madril hiri olinpiko hautatuz gero hiritarrek pairatuko dituzten ondorioetako batzuen adibide gisa jarri dituzte. Osasuna eta hezkuntza bezalako arloetarako zen dirua gerora gehiago erabiliko ez diren eraikinak egiteko zuzenduko dutela ohartarazi dute.