Ziburuko Azokaren karietara abiatu zen Azokaroak aurrera jarraitzen du Ipar Euskal Herrian eta ostiral honetan poema errezitaldi musikatuaz gozatu ahal izango dute Euskal Urruñako Berttoli kultur elkartean, 19:00etan: Maddi Sarasua itsasuarrak idatzitako Biharraren hegietan oinarrituta dago saioa.
Poema errezitaldi musikatua laukote baten eskutik dator: Maddi, Ainhoa eta Ixak Sarasua, eta Julen Lezaun. Maddi Sarasuak 2024an argitaratu zuen Biharraren hegietan poesia liburuko olerkiak errezitatzen dituzte, musikaz lagunduta, dena giro lasai eta atseginean.
Lasai bai, baina indarrez ere bai, Luzien Etxezarreta Maiatzeko koordinatzaileak adierazi izan duen gisan, poesia bilduma hori borrokarako deia baita. Gaurko gizartearen arazoak eta langile mugimendua ditu oinarri poesia liburuak, eta egileak Berria-n egindako elkarrizketa batean zehazten duenez, “Bihar hobe bat eraiki nahian eta bide horretan idatziriko olerkiak dira”.
Artearen funtzio sozialari buruzko eztabaida klasikoan, artea eta politika erabat lotuta daude Maddi Sarasuarentzat: “Bestenaz artea zertarako da? Bai, plazera hartzeko, umorerako... Edo, gogoeta eta bizipen batzuen bidez, zerbait transmititzeko bidea”.
Eta esperantzarik ere ez da faltako giroan, egunerokoan gizartean diren arazo ugarien aurrean hori ere ezinbestekoa delako idazlearen erranetan: “Eta horien aurrean zer? Ez baduzu sinesten posible dela zerbait hobea egitea, zaila da bizitzea hemen”.
Maddi eta Ainhoa ahizpak ahotsak jartzen dituzte, Ixak Sarasua pianoaz arduratzen da eta biolinari helduta dator Julen Lezaun Urruñara.