argia.eus
INPRIMATU
Macronen potreta “lapurtzea” zilegi jota, epaileak aske utzi ditu ANV-COP21 kolektiboko bi kide
  • Frantziako presidentearen argazkia taldean lapurtzeagatik auzipetutako bi kide epailearen aurretik pasa dira. Epaileak aske utzi ditu, iritzita ekintza interes orokorrekoa eta “zilegi” den arrazoi batengatik burutu dela.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 17a
G7aren kontra-gailurrean mugimenduek deitutako "Potreten martxa", zeinetan erretiratutako Macronen erretratuak bistaratu zituzten (Argazkia: Amaia Lekunberri)

33 eta 35 urteko ANV-COP21 kolektiboko kide bik epaiketa izan dute, iragan otsailaren 21ean Lyoneko (Frantzia) 2. auzotik Emmanuel Macron Frantziako presidentearen erretratua erretiratzeagatik. Taldean lapurreta egitea leporatzen zitzaien. Lyoneko Zigor-arloko Epaitegiak, baina, aske utzi ditu, epailearen arabera ekintza interes orokorrekoa eta zilegia den arrazoi batengatik burutua izan zelako.

Klima aldaketa egiaztatua dagoela eta jendartearen etorkizuna larriki kaltetzen duela adierazi du epaileak. Frantziako Estatua “nazioarte zein nazio barne mailan konprometitu da (…) baina defentsak aurkeztutako dokumentuek erakusten dute helburuak ez direla ari betetzen”, gehitu du.

ANV-COP21 kolektiboak, Bizi! mugimenduarekin batera, herriko etxe ugaritatik Macronen hainbat erretratu erretiratu ditu azken hilabeteetan: otsailetik hona 130 erretratu batu dituzte. Ekintzaren helburua ondokoa da: salatzea Macron ez dela ari betetzen ingurumena zaindu eta klima aldaketa geratu asmoz hartutako konpromisoak.

Mugimendu altermundistako kideek jakinarazi dutenez, Macron hartutako konpromisoekin koherenteak diren politikak bultzatzen hasten denean itzuliko dituzte erretratuak.

Bizi mugimenduak “lehen garaipentzat” jo du epaia, eta fiskaltzak helegitea jarri badezake ere, “klimaren aldeko mugimenduarentzat garaipen handia” dela adierazi dut. Ildo berean, Europe Ecologie Les Verts frantziako alderdi ekologistako bozeramailearen hitzetan epailearen erabakia “garaipen sinboliko oso garrantzitsua” da.