Preso korsikarren amnistiari uko egin zion Emmanuel Macron Frantziako presidenteak asteartean, eta korsikeraren koofizialtasunari ezetz esan dio biharamunean.
Korsikako presidente Gilles Simeoni, Legebiltzarreko presidente Jean-Guy Talamoni eta irlako abertzaleak itxaropentsu zeuden Macronek hauteskunde kanpainan deszentralizazioaren alde egin zuelako, baina presidenteak itxaropen oro zapaldu du Korsikara egin duen bisitan.
Aitorpen bakarra egin dio irlari: Korsika hitza konstituzioan agertzea, irlak “berezitasunak” dituela aitortuta. Bestalde, abertzaleen eskaera gehienei ezezkoa eman die Macronek: korsikeraren koofizialtasunari, egoiliar estatusari eta autonomia estatutuari.
Agintari abertzaleak haserre agertu dira, eta Macronen diskurtsoa “neokolonialista” izan dela salatu dute.