argia.eus
INPRIMATU
Macronek ez du inoren gogoa guztiz bete, ez ezker ez eskuin
  • Frantziako presidenteak Jaka Horien ezinegona lasaitu nahi izan du, baina mugimenduko askoren gogoa ez du bete. Macron krisiari aurre egiteko izandako jarreraz desenkusatu zen telebistan egindako diskurtsoan, baina estatuburu baten irmotasuna azaldu du eta, antza, prest dago mugimenduaren “desafioa”-ri eusteko.  

Mikel Asurmendi @masurmendi 2018ko abenduaren 11

Emmanuel Macronek lau neurri ekonomiko iragarri ditu. Deigarriena hauxe: gutxieneko soldata 100 euro handiagoa izango da 2019an. Bigarrena, aparteko lan orduak ez ditu zergapetuko. Hirugarrena, langileei aparteko lansari bat ordaintzeko eskatu die enpresariei, eta laugarrena, CSG zerga –gizarte kontribuzio zabala– ez da igoko 2.000 euroko pentsioa dutenentzat.

Neurriak neurri, enpresariei eskatua beteko ote den ez dago ziurtatuta.  Macronen diskurtsoan  “eztabaida nazionala” espresioa gailendu zen, Errepublikako “egoera ekonomiko eta soziala une larrian” dagoela azpimarratu zuen. Jaka Horien eskaerak “zilegi”-tzat jotzen ditu, baina “indarkeria” bitarte egin izanak ezbaian jarri du euren zilegitasun demokratikoa bere hitzetan. “Horregatik, Frantziako presidenteak sektore guztien arteko “itun sozial berria” lortzeko adostasuna beharrezkoa ikusten du.

Alabaina, fortunaren gaineko zerga (IDF) ez duela ukituko iragarri zuen. Bere agintaldia abiatzean, etxebizitzaren gaineko zerga (IFI) apaldu zuen, betiere, aberatsen dirutzaren gaineko zerga ez zuela aldatuko irmo adieraziz.  

Aitzitik, enpresa handien zergak ez daitezen Frantziatik kanpo egin, bere gobernuak ihes fiskalaren aurka tinko borrokatuko duela esan zuen, baita, besteak beste, Facebook eta Google enpresekiko zergen (GAFA) segimendu zorrotza eginen duela esan ere.

Macronek iragarritako politika sozial berrien eragina heldu den asteburuan neurtuko da. Jaka Horien mugimenduak lau astez eraman duen borrokarako ohiko deia luzatu du larunbaterako. Horrenbestez, bosgarren protesta astea izango litzateke. Macronek iragarritako neurriek ez dute, itxura batez, Jaka Horien gogoa bete.