argia.eus
INPRIMATU
Macronek atzera egin behar izan du: maiatzaren 11ko deskonfinamendua zaharrei ere zabaldu die
  • 65-70 urtetik goragokoentzat konfinamenduak segitu beharko duela zehaztu bazuen ere apirilaren 13an, azkenean, hori ez da horrela izango. Neurriak eragin kexuak baretzeko behar izan du hitza hartu Macronek.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 18a
Apirilaren 13ko diskurtsoa

Ez zaie behartua izango, baizik eta azkarki kontseilatua: "arduratsuki jokatzea" eskatu die adinduei Emmanuel Macron Frantziako Estatuko presidenteak. Apirilaren 13ko diskurtsoan zehazturiko zaharrentzako konfinamenduaren luzapena ez da beraz gertatuko. 

Neurri horrek ondorioztaturiko kexuak baretzeko atzera egin behar izan du Macronek. "Adinaren araberako diskriminazioarik" ez duela nahi zehaztu behar izan du.

Frantziako COVID-19 Batzar Zientifikoaren buru den Jean-François Delfraissyk apirilaren 12an La Republicca italiar egunkariari eskainitako elkarrizketak haserrea eta ulertezintasuna ondorioztatu zuen. Hain zuzen, 65-70 urtetik goragokoentzat, konfinamenduaren luzapenaren berri eman zuen eta hori "prebentziozko erremedio bat atzeman arte".

Koronabirusari dagokionez, apirilaren 13ko 20:02tan egin zuen bere laugarren diskurtso publikoa Macronek. Hor jakinarazi zuen konfinamenduak maiatzaren 11a arte iraunen zuela eta deskonfinamendua "progresiboki" eginen zela. Zehaztasun asko eskas ziren hala ere, alde progresibo horri dagokionez zehaztasun biziki gutxi eman zituelako.