argia.eus
INPRIMATU
Maccabi taldeari boikot egiteko deia luzatu du Gasteizko BDZ taldeak
  • Tel Aviveko Maccabi saski-baloi talde israeldarrak Baskoniaren aurkako partidua jokatuko du Gasteizen martxoaren 29an. Gasteizko BDZ taldeak (Israelen aurkako Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) Maccabi taldeari boikot egitera deitu du.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko martxoaren 23a
Arg: BDZ

“Maccabiren kontrako aldarria ez dago zuzenduta talde edota kirolari zehatz batzuen kontra euren jatorri edo sinesmen erlijiosoengatik, aitzitik, haren funtsa talde horrek Israelgo politika kriminalarekin duen inplikazioan datza”. BDZ mugimenduak salatu du Tel Aviv Maccabi taldeak Palestinaren aurkako sionismo israeldarraren gerra krimenak babestu dituela hainbatetan. Besteak beste, urtarrilaren 9an, Israelgo armada Gazako Zerrendako herritarren aurka “Berun Urtua” izeneko operazioa burutzen ari zirela, Maccabiko jokalariek soldadu israeldarrei “opariak banatu eta autografoak sinatu” zizkieten, eta haiekin “lagun giroan” solastu ziren. Operazio horretan 1.500 pertsona hil zituzten.

Era berean, 2014ko uztailaren 8tik abuztuaren 26ra bitartean Israelgo erregimenak “Babes Hesia” operazio militar odoltsua –2.202 palestinar hil zituzten– burutu eta egun gutxi barru, AEBetako Cleveland Cavaliers eta Maccabi-ren arteko partidua antolatu zen, Gazako sarraskian parte hartu zuten soldadu israeldarrak omentzeko.

Horregatik guztiagatik, Gasteizko BDZ taldeak martxoaren 29ko partiduari boikot egitera dei egin du, Palestinari elkartasuna adierazi eta Maccabi taldearen sionismoaren aldeko jarrera gaitzesteko.