argia.eus
INPRIMATU
Maccabi eta Hapoel Tel Aviv taldeek Gasteizen jokatuko dituzten partidak bertan behera uztea exijitu du Palestinarekin Elkartasunak
  • 2026an Maccabi Tel Aviv eta Hapoel Tel Aviv saskibaloi talde israeldarrak Gasteizera etortzekoak dira Euroligako partidak jokatzera. Palestinarekin Elkartasuna plataformatik salatu dute partida hauek Israelgo Estatuaren aurpegia zuritzeko balio dutela eta partiduak bertan behera gelditzea exijitu dute.

Hala Bedi @halabedi 2025eko abenduaren 19a

Hapoel Tel Aviv eta Maccabi talde israeldarrak Gasteizera etorriko dira. Honen aurrean Palestinarekin Elkartasuna Plataformatik salatu nahi izan dute Israelek kirol ikuskizunak erabiltzen dituela "bere burua normalizatzeko eta estatu moderno gisa agertzeko". Guzti hau "su eten faltsuaren" testuinguruan kokatu dute plataformatik, eta zenbait mediok egiten duten "propagandak" gizartearen desmobilizazioan helburu duela azpimarratu dute.

Plataformatik jakinarazi nahi izan dute Israelek nazioarteko harremanak normalizatzeko erabiltzen dituela mota honetako jarduerak eta honekin "proiektu sionista gauzatzeko legitimitatea" lortzen duela. Maccabi Tel Aviv eta Hapoel Tel Haviv taldeetan ere jarri nahi izan dute arreta, beraien hitzetan, "bertako jokalariak eta zuzendaritzako kideak Israelgo estatu terroristaren enbaxadore dira, eta harreman estua dute okupazio armadarekin". Horren ondorioz Israelgo estatuarekin harremanak erabat eten behar direla aldarrikatu dute.

Arduradun bat baino gehiago

Partida hauek jokatu ahal izateko, adierazi dute, agente ugarik dauzkate ardurak. Batetik Euroliga bera, izan ere, bertako bazkideen esku dago nork parte hartzen duen eta nork ez erabakitzea. Beraz, Israelgo taldeen parte hartzea adostutako kontua da eta Palestinarekin Elkartasuna plataformaren iritziz, "Israel estatu aliatu gisa irudikatzeko erabakia" dago honen atzean.

Eusko Jaurlaritzaren ardura ere aipatu dute, izan ere kirol ekimenak bertan behera uzteko eskumena du honek. Arabako Aldundiak ere badu bere ardura, gogoratu dutenez, Buesa Arenaren jabe den heinean, eta Gasteizko Udalak bere partetik, hiriko azpiegituren ardura du.

Bukatzeko Baskonia klubaren zuzendaritzaren ardura azpimarratu nahi izan dute, izan ere klubak erabaki dezake partidua jokatzeari uko egitea, nabarmendu dutenez. Palestinarekin Elkartasuna plataformatik adierazi dute badakitela "instituzioek ez dutela benetako interesik Israel ezegonkortzeko, Mendebaldeak eskualdean duen bazkide nagusia delako, mendebaldeko Asia kontrolatzeko ezinbestekoa".

Ekimenak eta boikoterako deia

Egoera honen aurrean, Palestinarekin Elkartasuna plataformatik zenbait ekimen abiatuko dituztela jakinarazi nahi izan dute "partidu hauek gelditzeko" eta herritarrak gonbidatu dituzte parte hartzera. Horrekin batera zaleei eskatu diete partiduak boikoteatzea eta sarrerarik ez erosteko deia luzatu dute.

Palestinarekin Elkartasuna-k egin duen afixa.