Mac Maharaj: "Borroka armatua uztea mugimendu taktikoa izan zen beste aldeak negoziazioak serio har zitzan"

  • Gaurkoa bezalako egunetan, pribilegiatua naizela pentsatzen dut kazetaria naizelako. Lanbide hau hautatu ez banu, ez nukeen sekula "Mac" Maharaj (ahoskatu "Majaratx") bezalako pertsona batekin mintzatzeko aukera izango. Hegoafrikako apartheidaren aurkako borrokaz hura lehen eskutik bizitu zuen ANCko kide historiko batekin lasai mintzatzea ez da egunero egin daitekeen zerbait. Maharaj meatzarien herrixka txiro batekoa da, borroka politikoan gaztetan hasi zen, torturatua izan zen, Robben Uharteko kartzelan 12 urte egin zituen Mandela eta konpainiarekin, apartheidaren gobernuarekin negoziatu zuen taldeko kidea eta ANC alderdiko ideologoetako bat izan da. Egun gobernuarentzat egiten du lan bere 75 urteekin.


2010ko uztailaren 08an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02
Mac Maharaj

Pretoriara joan naiz, Johannesburgotik ordu bete baino gehixeago autoz. Pretoriak bi milioitik gora biztanle ditu eta herrialdeak hiru hiriburu formal baditu ere, Pretorian dago gobernua hartzen duen Union Buildings eraikin erraldoia. Eraikinak herrialdean izandako agintari zuriak ekartzen ditu gogora, bere belardi eta zuhaixkekin. Atal ezberdinak ditu eraikinak, Presidency-ra joan behar izan dut nik.

Maharaj-ren bulegoa zabala eta argitsua da, espazio askokoa. Atetik sartu eta parean gonbidatuak hartzeko sofa eta bi aulki eroso daude mahai txiki baten inguruan. Ezkerretara lanerako mahaia du ordenagailuarekin, leihoaren ondoan. Kontrako paretan armairu bat liburu batzuekin. Bi koadrok dekoratzen dute gela. Batean Jacob Zumaren argazkia, egungo presidentea. Bestean asmatu nor. Herrialde honen aita.

Mantso, argi eta era ordenatuan mintzatzen da. Kafea atera didate, eta elkarrizketaren amaieran konturatu naiz probatu ere ez dudala egin. Elkarrizketa osoa aste batzuk barru publikatuko dugu ARGIAn (Currinena ere bai). Oraingoz, aurrerapen bat jartzen dut:

Zergatik amaitu zuen ANCk borroka armatua

Mandela askatu ostean, lehen aldiz ANC eta gobernuaren arteko bilera ofizialak hasi ziren. Presoen kaleratzeaz, erbesteratuen etxeratzeaz eta abar eztabaidatzen genuen. ANCko Komisio Exekutibo Nazionalean erabaki genuen hurrengo bileran arerioa ezustean harrapatu behar genuela, borroka armatuaren suspentsioa mahai gainean jarrita. Inongo baldintzarik ez genuen jarri. Horrek, munduaren eta gure jendearen aurrean posizio indartsua lortzea ahalbidetzen zigun, eta apartheidaren gobernuari presioa ikaragarria jarriko zion pausoren bat eman zezan. Mugimendu taktikoa izan zen beste aldeak negoziazioak serio har zitzan. Nik uste jokaldi ona izan zela, hiru hilabetera negoziazioak hasi baitziren.

Liderraren figuraz

Munduko gatazka guztietan, askatasuna lortzeko borrokak ezaugarri jakin batzuk dituen jendea lider bilakatu ditu: osotasuna mantentzen dute, ikuspegia garbi beti, gatazkarekiko fidel dira eta ez dute etsitzen. Errepresioak sortutako min handi bat pairatzen dute beren idealak defendatuz jendearen zerbitzura egoteagatik. Mandela horietako bat izan da. (...) Munduak apartheidaren preso guztiak irudikatzeko sinbolo gisa erabili zuen eta denen askatasuna eskatu zuen, identifika zezaketen figura batean oinarrituz.

Negoziazio formalak hasi zenituztenean, bakea lortzeko euren asmoak zintzoak zirela sinesten zenuen?

Batzuk diote konfiantza elementu garrantzitsua dela negoziatzeko orduan. Ni prozesuko idazkari izendatu ninduten, eta esperientziaz diot, konfiantza ez zela elementu garrantzitsua izan. Negoziazio bidez, herriaren interesak arrakastaz babestea da helburua. Ez dut uste apartheid erregimenean konfiantza izatera heldu nintzenik sekula. Kide batzuk errespetatzera heldu nintzen, baina nire baitan, isilean, ez nuen sekula alboratu euren interesak nolabait mantendu nahi izango zituztela. Normala da. Ez dut jendea egun batetik bestera aldatzea espero.

Aldaketa bultzatu nahi duen indar politikoaz

Beti egongo da aldaketa ekidin nahi duen indarren bat. Bere burua etorkizunaren arkitekto ikusten duen mugimendu politikoaren erantzukizuna da helburuen bidea eginez, beste aldea zatitu eta ahultzea. Ez indarrez, baizik eta logikaren eta erabakien bitartez.

- Lander Arbelaitzen kronika, elkarrizketa eta argazki gehiago Hegoafrikarren Munduko Kopa webgune berezian.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hegoafrika
Sei herrialde gehiago Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzan

Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak osatutako aliantzak Johannesburgon egin duten azken goi-bilerako eztabaidagai nagusia izan da partaide gehiago onartzea. Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak, Iran, Egipto, Argentina eta Etiopia gonbidatu dituzte.


2022-03-21 | ARGIA
Amazonen Hegoafrikako egoitzaren obrak geldiarazi dituzte, indigenen eskaerak aintzat hartu ez direlako

Patricia Goliath epaile hegoafrikarrak  eman du agindua Amazon konpainia Lurmutur Hirian eraikitzen ari zen egoitza eta biltegiaren obrak geldiarazteko, khoisan komunitate indigenen aldarrikapenak aintzat hartu ez direlako. Salatu dutenez, Amazon "lur sakratuetan"... [+]


Omikron leherketa: pandemiaren amaiera urrunago edo gertuago?

Covid aldaera azkar zabaldu da mundu osoan Hegoafrikan azaroan atzeman zenetik, eta estuasunean jarri du beste behin herrialde gehienetako osasungintza, kasu honetan batez ere lehen arreta –Euskal Herrian 40.000 positibo zenbatu dira astebetean–. Aitzitik, hainbat... [+]


Eguneraketa berriak daude