argia.eus
INPRIMATU
M8an zaintza publiko komunitarioaren alde kalera atera da mugimendu feminista
  • Bilgune Feministak zaintza lanetan dauden desorekak azaleratu ditu eta helburu hau plazaratu du: "Zaintza lanak aitortu eta birbanatu nahi ditugu eta zaintza eredu publiko eta komunitario bat garatu".  ELA eta LAB sindikatuek zaintza sektoreko langileen baldintzetan jarri dute fokua eta muturreko prekarietate horren erantzuleak seinalatu dituzte: "Zaintzak pribatizatu eta negozio bihurtzen dituena". Arratsaldean herrietan deitu ditu manifestazioak mugimendu feministak eta goizean hiriburuetan mobilizatuko dira sindikatuak.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 08a

Bilgune Feministak publiko egin duen irakurketan, nabarmentzen du bizitzari eusten dioten zaintza lanen banaketan desoreka handia dagoela eta "gaur egungo egoeran duintasun ezaren muturreraino iritsi direla". Zaintza lan ez-ordaindua eta ordaindua, biak daude emakumeen bizkar eta biak egoera gorrian, Bilgune Feministak azaldu duenez.

"Zaintza lan ez-ordainduan oinarritzen da sistema kapitalista"

"Emakumeon* zaintza lan ez-ordainduan oinarritzen da sistema kapitalista" adierazi du Bilgune Feministak, eta lan horiek komunitatean egin beharrean familia nuklearrera mugatuta egiten direla seinalatu du: "Zaintza-lanak bazterreko eginbeharrak izateaz gain, familia nuklearraren mugetara murrizten direla eta gero eta merkantilizatuago daudela. Emakumeok hartzen ditugu gure gain inolako aitortza gabe etxeko zaintza lanak, ardurak eta kudeaketak, askotan jardunaldi bikoitzera kondenatuz".

"Sortzen den enplegu pribatua erabat prekarioa, emakume migratu eta arrazializatuek egina"

Familia nuklearrera mugatuta antolatutako zaintza honek, enplegu pribatuarekin estaltzen ditu familiako esku gutxiekin erantzun ezin zaien zuloak, baina Bilgune Feministak adierazi du "supremazismo zuria" eta "eredu elitista" gailentzen direla lan banaketa horretan: "Sortzen den enplegu pribatua erabat prekarioa da, lan-baldintza zalantzagarriak eta ziurtasunik eza. Lan honen gehiengoa emakume migratu eta arrazializatuek egiten dute".

"Sistema publikoa desmantelatzen ari dira"

Zaintza sistema publikoa ere feminizatutako lanak dira zaintzak, garbiketa, artatzea. Sistema publikoa pribatizatzen ari direla salatu du Bilgune Feministak: "Sistema publikoa desmantelatzen ari dira, eta pribatizaziorako bidea irekitzen, zaintza merkantilizatzeko aukerak biderkatuz. Horrek langile publikoen egoera kaskartzeaz gain, indibidualismorako joera, klase arrakala eta komunitatearen galera sortzen du".

Bilgune Feministaren idatziak izenburu hau darama: Zaintzen paradisu artifizialak erretzen eta honela zehaztu dute lema horren mamia: "Gure herrian osasun sistema perfektu eta mugiezin bat dugula sinestarazi digute, baina lehenengo lurrikaran erori da behera; horregatik ozen diogu, paradisuak erretzeko unea heldu da. Mobilizatzeko unea da, kaleak hartzekoa eta erantzuleei interpelazio zuzena egiteko momentua".

Zaintza sistema publiko komunitario baten alde

"Zaintza eskubidea, eskubide unibertsal gisa onartzea behar dugu. Jasotako zaintzak, bakoitzaren familia edota egoera ekonomikoaren araberakoak izan gabe. Zaintza lanak demokratizatu behar ditugu" adierazi du Bilgune Feministak. Zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde agertu da, eta zaintza eredua lantzea burujabetzarako gakoa dela adierazi du: "Komunitatea erdigunean jarrita, burujabetzarako ezinbesteko euskarria dira zaintzak: eraldaketa sozialerako palanka dira, potentzial politiko handia duen eremua. Zaintzak ezinbestekoak dira gure gorputzak eta komunitateak burujabeak izan daitezen. Hau da, bizitza, ongizatea eta osasuna  mantendu eta kudeatua ahal izateko. Horregatik, zaintzaren ardurak kolektiboa behar du izan, soilik ongi jositako sare batek eusten ahal diolako kapitalismoaren oldarraldiei".

LAB: "Kalera irtengo gara zaintzaren sektoreetako langileen lan baldintzen defentsan eta zaintza negozio iturri bilakatu dutenen kontra"

LAB sindikatuak bat egin du mugimendu feministaren arratsaldeko mobilizazioekin, eta goizeko 11:00etan hasita Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestazioak egingo dituela iragarri du: "Zaintzaren sektoreko langileek esklabotzatik gertu dauden lan baldintza prekarizatuak pairatzen dituzte. Honek erantzule argia du: pribatizatu eta zaintzak negozio bihurtzen dituena. Gure kasuan, arduradun hori azken 40 urteetan EAEn agintean egon den alderdia da, EAJ, hain zuzen ere. Era berean, Nafarroan, gobernuko alderdi neoliberalek eta ultrakontserbadoreek urteetan zehar ildo berari jarraitu diote: pribatizatu, merkantilizatu eta jendearen premiak erabili irabaziak lortzeko. Milaka emakume langileren bizitzak prekarizatu eta enpresa pribatuentzako esleipenen bidez diru publikoa poltsikoratu dute. Zaintza, aberastasun iturri izan da batzuentzat".

"Erantzuleak interpelatzeko", Bilbon, Donostian eta Gasteizen "EAJ buru duen Foru Aldundien aurrean mobilizatuko gara", adierazi du sindikatuak eta Iruñean, berriz, PSN-ren egoitza aurrean egingo dute manifestazioa.

ELA: "Instituzioak dira zaintza profesionalizatuta dagoen sektoreetako gatazken erantzule"

ELA sindikatuak ere bat egin du mugimendu feministak arratsaldean deitutako manifestazioekin, eta goizean zaintzen inguruko ekitaldi bat antolatu du Donostiako Kursaalean, 10:00tan. Lehendabizi Amaia Perez de Orozkok Euskal Herriko zaintza sistemaz hitz egingo du eta ondoren, zaintza esparru ezberdinetako langileek hartuko dute hitza. 12:00etan manifestazioa egingo dute Donostian.

Zaintza sektoreaz zera esan du ELAk: "Soldatapeko zaintza lanak eta zerbitzu sozialak gainbeheran doaz, agintariek azpikontratazioaren eta pribatizazioen aldeko apustua egin dutelako". Sektore horretako lan gatazkak ekarri ditu gogora: "Ez digute ezer oparitu! Zaintza profesionalizatuta dagoen sektoreetan greba ugari sustatzen ari gara. Egoera larria da eta instituzioek onartzen dute langileek baldintza prekarioak izatea. Eurak dira zaintza zerbitzu hauen kudeatzaileak, beraz, gatazka hauen erantzule".