M8-an François Ruffin diputatuak Frantziako parlamentuko garbiketako emakumeen eskubideak aldarrikatu ditu

  • Hitzaldi gogoangarria egin du François Ruffin diputatu ezkertiarrak Frantziako legebiltzarrean, historia sozialeko biharko liburuen orrietan azaltzeko modukoa. Duda egiten dut gure inguruko parlamentariren batek, euskaldunek eta emakumezkoek barne, egin ote duen emakume langile xumeen egoeraren salaketa eta oinarrizko eskubideen aldarrikapena hain gardenik topikoz eta politikoki politez bete dugun Martxoaren 8an.


2018ko martxoaren 09an - 09:46
"Teilatupe berean, etxe berean, emakumeok kobratzen dute gure soldataren hamarrena, lanaldi laburren arazo guztiekin, denak ere soldata minimoaren azpitik, denak txirotasun mailaren azpitik".

Ruffinek etxeko lanak egin dizkio Frantziako Asanbladari. Frantziako diputatu baino lehen ezkerreko astekari txiki lokal bateko (Fakir) kazetaria, globalizazioaren aitzakiaz aberatsek miserian utzitako obreroen fikziozko zine bidezko mendekalari (“Merci patron!”) eta Nuit Debout mugimenduaren bultzatzaileetakoa ere baden François Ruffinek langile xehearengandik hurbil bizi dela lehen ere erakutsia zuen. Globalizazio neoliberalak fabrikaz bezala enpleguz hustutako Pikardia eskualdekoa izaki, hurbiletik bizi izan ditu langabezia, txirotasuna eta... gero eta aberatsago diren ugazaben mesprezua. Ez du aukerarik galtzen oinezko langile umiliatuarengana hurbilduta bere zanpaketa azaltzeko. Front Nationalari hauteskundeetan irabaziz lortu zuen Parlamentuko postua ere, ez da kasualitatea.

Ruffini M8-z egokitu zitzaion, emakume langilearen egunez, parlamentuan hitz egiteko txanda. Baliatu zuen, ala jainkoa, entzun eta leitu nola baliatu zuen. Emmanuel Macronek egunotan "Lan berdinarentzat, soldata berdina" aldarrikatu omen duela eta, gaia hitz potolo bezain hutsalen zeruetatik legebiltzarreko moketa eta komunetako zoruetara jaitsi zuen Ruffinek. Izan ere, sortzez emakume langileen eguna den martxoaren 8an nor izan liteke ikusezinago mundu guztiak ikusi behar dituen diputatuen oheak egin, komunak garbitu eta eskainuetako zura nobleak ezkoz lustratzen dituzten andrazkoak baino?

Horra kolore eta genero guztietako meritokraten artean norbait sinesten duena benetan badaudela goia eta behea, gainean eta azpian, ezkerra ala eskuina. Populista dela Ruffin? Gero eta populista gehiago aurkitzen dudan arren, horrelako bakar bat ez zait egokitu tamalez.

Ruffinen bost minutuko hitzaldia bideoz bilduta dago. Azpian doa osorik euskaratuta. Hemen ikus daiteke frantsesezko azpitituluekin eta ingelesa hobeki konprenitzen duenak, hemen dauka ingelesez azpititulaturik.

Euskaraz honela dio François Ruffinek:

Gaur goizean nire logela-bulegoko atea jo dute, Université karrikako 101.ean. Artean ohean nintzenez, ez naiz mugitu. Atea ireki denean “Hemen nagoela” esan dut marmarka eta atea berriro itxira “Oh, pardon!” batekin.

Esnatutakoan, gosaltzera jaitsi nintzen. Berriro igo nintzenean, dutxako alfonbra berriro txukunduta zegoen bainu-gelan, komuna garbituta, toilak aldatuta, zaborrontzia hustuta.

Mirari bera gertatzen da egunero. Ez da sorgin baten lana, ez, emakumeena baizik.

Haiengana jo dut galdezka, korridoreetan. Goizeko 06:00etan iristen dira, 10:00etan joaten. Aski goiz ez eragozteko lana diputatuoi eta gure laguntzaileei.

Astelehenetik ostiralera, astean 20 bat ordu osatzen dituzte horrela. Ordua 9 euro pagatzen zaiela, hilean 600 euro baino zertxo bat gehiago irabazten dute.

Ematen zaie bazkaritako bonorik? Ez. Kobratzen dute paga estrarik? Ez. Primaren bat otorduetarako edo lan zikinagatik? Ez

Bakarrik bidai txarteletan %50ko beherapena. Eta eskerrak, zeren eta ordu bete bederen behar baitute lanerako eta beste hainbeste etxeratzeko.

Mahai argizariztatu hau, haien lana da. Kobre eta marmol distiratsuok, dena haien lana.

Denetan dabiltza baina ikusezinak dira. Horra garbitasunaren gardentasuna: ez du arrastorik uzten. Haien lana ikusezina da.

Hainbeste saiatzen baikara emakumeok ikusezin bihurtzen. Oso goiz etortzen dira hona, esan dut, ordutegi berezietan. Gurekin topo egin ez dezaten. Behar bada, guri lotsagarri ez uzteko.

Zeren eta, nola ez gara lotsatuko gure arteko leizeaz?

Teilatupe berean, etxe berean, emakumeok kobratzen dute gure soldataren hamarrena, lanaldi laburren arazo guztiekin, denak ere soldata minimoaren azpitik, denak txirotasun mailaren azpitik.

Eta gure Parlamentua, arrazoiz eta bihotz onez gainezka, eroso bizi da hurbileko injustizia honekin.

Hau aipatzen du zeren eta gure oinpean, gure sudurren aurrean, honek ematen duelako Frantziaren irudia

Enpresa guztiek, instituzio guztiek, unibertsitateek, eskualdeek, orain lizeoek ere bai, kolegioek, laster ospitaleek… beren mantenu lanak “esternalizatzen” dituzte.

“Esternalizatu”, moderno itxura ematen du. Eta batez ere, dirua aurrezten du.

Esan nahi du, isilpean, urtetik urtera, herrialdean zehar milaka emakume, hobeto zientoka milaka emakume, bultzatu dituztela prekariotzara, ordutegi sakabanatuetara, soldaten beherapenetara.

Hemen garbiketakoez ari naiz, baina askoz urrutiago iritsi da kontua. Berdin funtzionatzen du gizarte eta eskola laguntzaileentzako, haur eskoletako begiraleentzako, etxez etxeko klase guztietako enpleguentzako.

Gure haurrez, zaharrez eta ezinduez okupatzen diren emakume guztientzako, gehienetan emakumeak baitira. Eta hori lana besterik gabe ordainik gabea ez denean, familien barruetan, Barne Produktu Gordin itsu horrek 0 kontabilizatzen duen lan pagatu gabea.

Begira, entzuten ari naiz, hemiziklo honetan bezala edonon, “zerbitzu gizartea” aipatzen eta begi aipatzen zaigu halako plazer batekin, zoriontasunaren promesa balerama bezala.

Dudarik gabe, gu gaude zerbitzatuen aldean. Zerbitzatuak hemen, Legebiltzarrean, jauntxo batzuk bezala. Zerbitzatuak hoteletan. Zerbitzatuak supermerkatuetan. Zerbitzatuak etxeetan ere, umezainek.

Argi ibili. Argi ibili, ea zerbitzuen gizarte hau ez den funtsean morrontzaren gizartea, morroi, neskame eta mirabeena.

Baina irudi berri batekin, izen berriarekin, modernoagoa, onargarriagoa eta kontzientzia bakean uzten diguna.

Gainera oparitzat ekartzen diguna, alkandora lixatuaz eta moketa garbituaz gain, zergarik ordaindu behar ez duten enpleguak izatea. Gure erosotasunak ipurdia jarrita dauka eskulan merke honen gainean.

Aste honetan lehendakariak alde guztietan zabaldu du behin eta berriro “lan berdinak, soldata berdina”. Izugarri ondo. Baina hori ez da aski, zuek, guk, berriro balioa eman behar diegu gehienik emakumeek egiten dituzten lanei, beren maila aitortu, soldatak bermatu.

Are gehiago, sarritan horiek direnean lanbiderik utilenak. Kanporatu publizistak, kanporatu bitartekariak, kanporatu alferrikakoak, baina behar den moduan pagatu laguntzaileei, haur eskoletako begiraleei.

Frantziarentzako legeak egiten hasi aurretik, hasi gaitezen txikiagotik. Hemendixe. Geure begian daukagun habetik. Egin dezagun Legebiltzarraren erreforma handi bat garbiketako emakumeak baztertuko ez dituena.

Sartu ditzagun pertsonalean, eman diezaiegun lan aldi osoa, dagozkien primak eta paga extrak. Ez ditzatela irabazi guk parlamentariook irabazten ditugun soldatak.

Ahaztu berdintasuna, baina irabazi dezatela soldata duin bat, haientzako duina eta guretzako duina. Gutxieneko soldataren eta txirotasun mailaren gainetik irabazi dezatela.

Ministro anderea, legebiltzarkideok, benetan espero dut behingoagatik nire desioa beteko duzuela.

Edo bestela, beste aukera geratzen zaigu. “Tenue de soirée” [“Traje de Etiqueta” espainolezko bertsioan] filmean Jean-Pierre Mariellek galdetzen du: “Badakizu nola ezagutu aberats bat? Norbait bere komunak garbitzen ez dituena”.

Horra alernatiba, diputatuok eta gure laguntzailek geuk garbitzea geure komunak. Neurri horrekin, lan hori ez zaio egokituko genero bati. Eta horrela gure artean ere egongo dira garbiketako gizonak eta pixa egiten duten gizonak.

[Hona hemen mintzaldiaren bideoa ingelesezko azpitituluekin]:

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Emakume langileen eskubideak
2024-02-27 | Leire Artola Arin
"Beloak egoiliarrak aztoratu ditzakeela" argudiatu du Iruñeko zaharren egoitza batek, garbitzaile bat lanik gabe uzteko

Arrazakeria, diskriminazioa eta islamofobia salatu ditu langileak, eta Iruñeko Lan Ikuskaritzaren aurrean elkarretaratzea egin dute, SOS Arrazakeriak eta LAB sindikatuak deituta. Ikuskaritzak salaketa itxi du, eta onartu egin du Misericordia enpresaren argudiaketa, dioena... [+]


Etxeko langile egoiliarren ia %98k ez du jaso lanbide arteko gutxieneko soldata 2023an

ELE, Etxeko Langileen Elkarteak emandako zifra da, Bizkaian egindako galdeketen emaitzak jasota. Urtero bezala, etxeko langile egoiliarren eta kanpo-langileen lan baldintzei buruzko txostena egin du. Egoera erregularrean zegoen %35,38k ez zuen jaso lanbide arteko gutxieneko... [+]


Gehiegizko berdintasuna

Berdintasuna, haurdunaldia bezalaxe, badago edo ez dago. Berdintasunik ez dagoenean, ezberdintasuna dago, hori da neurtu eta baloratu daitekeena. Akaso berdintasunaren ondorioak izan daitezke gehiegizkoak batzuentzat, baina horrek eztabaida ondorioetan kokatuko luke, sekulan ez... [+]


Itzalpeko emakume arkeologoen itzala

Errenteria (Gipuzkoa), 1892. Aizpitarte kobazuloetan Gipuzkoako lehen indusketa arkeologikoak egin ziren, Lersundi kondea buru zuen taldearen eskutik. Handik hamaika urtera, 1903an Alfontso XIII.a Espainiako erregeak bisita egin zuen aztarnategira, eta aitzakia horrekin argazkia... [+]


Eguneraketa berriak daude