argia.eus
INPRIMATU
M15 mugimenduak maiatzaren 12an kalera ateratzeko deia egin du
  • Espainiar Estatuan duela bi urte sortutako aldarrikapen mugimenduak maiatzaren 12an kalean hausnartzeko, borrokatzeko eta mobilizatzeko deia egin du. Euskal Herrian ere M15 taldeek deialdia egin dute, eta besteak beste Bilbon eta Donostian manifestaldia izango da.

Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko maiatzaren 10a
Bilbon egun batzuez luzatuko da M15Mren aldarrikapen saioa.

M15M Bizkaia mugimenduaren iritziz, 2011ko maiatzaren 15ean jendea kalera masiboki atera arren, orduz geroztik gizarte eskubideak espoliatzeko prozesua azkartzen eta gogortzen joan da, eta neurri neoliberalak nagusitzen segi dute. Jendeak sentitzen duen nazka eta etsipena aldarrikapen indar bilaka dadin nahi du mugimenduak, eta besteren artean, inposatutako legeen aurrean desobedientzia zibila gauzatzen hasteko deia egin dute.

M15M Bizkaiak hainbat kolektiboren aldarrikapenak defendatu nahi ditu, hala nola, eredu energetiko alternatiboak, arrazakeriaren aurkako aldarrikapenak, antimilitaristak, zorraren aurkakoak, lan duinaren aldekoak, gizarte eskubideak, berdintasuna eta etxebizitza.

Bilbon, ekitaldi nagusia manifestazioa izango da. Maiatzaren 12an 18:00etan Jesusen Bihotzetik abiatuko da. Egun osoan Arriagako plazan egongo dira M15Mko kideak.

Maiatzaren 14, 15, 16 eta 18an ere hainbat ekintza egingo dituzte, besteak beste, frackingaren aurkakoa, zorraren auditoretzaren aldeko taldearen ekintza eta escracheei, okupazioari eta desobedientzia zibilari buruzko hitzaldia. Donostian, ekitaldi nagusia maiatzaren 12an Bulebarrean, 18:00etan, egingo den manifestazioa izango da.  

Espainiar Estatuko hiriburuan, Madrilen, maiatzaren 12an 20:00etan Puerta del Solen elkartuko dira inguruko auzoetatik gerturatutako elkarretaratzeak. Leloa ondokoa da: De la indignación a la rebelión: escrache al sistema.