Italiako gobernuak atzeratu egin du Lyon eta Turin Alpeak zeharkatuz lotuko lituzkeen Abiadura Handiko Trenbide berrirako obren lehiaketa. Tirabira handiak daude Erromako gobernua osatzen duten bi alderdien artean eta oraingoz azken erabakia atzeratzearekin moldatu dute krisia.
Italiak ez ditu lehiaketara aterako, oraingoz, Turin eta Lyon lotuko lituzkeen Abiadura Handiko Trenbide berrirako obrak, azken orduko berrien arabera. Frantziako estatuak indar handia egin baitu AHT linea hau kosta ahala kosta aurrera ateratzeko, prentsa frantziarrak asteak zeramatzan ohartarazten proiektuak bizi duen krisiaz. Izan ere, Erromako gobernua partekatzen duten bi alderdiek arras iritzi kontrajarriak dituzte obra berriaz: Matteo Salvini komunista ohi gaur ultra-eskuindar birziklatua erabat aldekoa den bezala, hasieratik dago proiektuaren kontra Luigi di Maio buru duen M5S mugimendu populista. Salvinik esan omen du: "Biok gaudenez egoskortuta nor berean, ikusiko dugu buru gogorrena nork duen, ni ohituta nago honetara".
Ingurumen aferetan Europak bizi dituen gatazkarik gogorrenetakoa Alpeetako Susa haranean ari da gertatzen azken 30 urteotan. Zaharra bezain indartsua da Italiako Alpeetako Val di Susako populazioak AHTri erakutsi dion aurkakotasuna eta herri asanbladen besapean hezurmamitu den mugimenduak zeresan handia du Italiako erresistentzia zibilaren historian. Pertsonalitate askok erakutsi dute beren konpromisoa Val di Susako herritarrekin; horien artean nabarmena izan da Erri de Luca idazlearena, 2015ean auzitegietaraino eraman zuena. Mugimenduak oraingoz lortu du obren hasiera atzeratzea... Europa osoan azpiegitura erraldoiak sustatzen dituen zementu, energia eta zerbitzu publiko pribatizatuen industrien haserrerako.