argia.eus
INPRIMATU
Luxuak
Udane Barinagarrementeria Laka 2025eko azaroaren 12a
Udane Barinagarrementeria Laka

Thalia Zedek Band eta Izaki Gardenak 
Non: Markina-Xemeingo Uhagon Kulturgunean 
Noiz: urriaren 25ean

-----------------------------------------------------------

Aurreko hilabeteko kronika gure herriko kontzertu-agenda hutsa seinalatzen bukatu banuen ere, lantzean behin izaten ditugu arau hori berresteko salbuespenen batzuk; horietako bat izan da, hain justu, gaurkoa. Aspaldi ez bezala bete da Uhagon kulturgunea, tamainako proposamenari erantzunez: Thalia Zedek eta Izaki Gardenak. 

Igo bezain pronto, Thalia Zedek musikari estatubatuarraren presentziak hartu du oholtza: beltzez jantzitako 64 urteko señora bat, fuck nazis pegatinadun gitarra eskuetan. Bere zakartasunean eta mintasunean eder den ahots bati gehitu zaizkio gainontzeko instrumentuak, eta liluratu naute bigarren abestirako. Letrei erreparatu zalea naizen arren, eskertu egiten dut noizean behin ulertzen ez dudan hizkuntza batean datorren musika lehen aldiz zuzenean entzutea. Hitzik gabe esaten denari gehiago behatzeko parada ematen dit, baita soinuaren antolamenduari etorri ahala gorputzean sartzen uzteko askatasun bat ere. Eta ohiko konparaketa batean eroriko naiz, baina ekidinezina egin zait, bereziki sTONES (Anariren Harriak abestiaren bertsioa) entzutearekin, kontzertuaren hasieratik barruraino sartu zaidan bero-energia anaritar bat identifikatzea; zaurien ukendu izatera datorrena, norberarenak eta munduarenak diren minak mobilizatzera, dantza-mugimenduekin barrenak apur bat epeltzeko. 

Izaki Gardenak etorri da gero, baina ARGIAko irakurleari errepikakor gerta ez dakion, oraindik egin ez duenak Gasteizko kontzertuaren kronikan Gorka Intxaustik esandakoak irakurtzeko tarte bat hartu dezala hemen. 

Ordura arte ezezaguna zen talde bat ikusi ostean sorpresa polit bat jasotzearen pozaz nabaritu ditut inguruko zenbait. Zertara zetozen bazekitenak espektatibak beteta ere bai gauaren amaieran. “Horrelako gehiago behar ditugu” eta “hau herrian luxu bat da” bezalako baieztapenak heldu zaizkit belarrietara. Luxu bihurtu baitzaizkigu zuzenekoak eta musika alternatiboa entzuteko espazioak euskararen arnasgune den jauntxo herri honetan. Ez daukagu antzokirik eskualde osoan, mainstream-a ez den musika entzun zitekeen taberna bakarra itxiarazi zuten duela urtebete eta kuartela izandako kulturgune eder honek ere kolokan du biziraupena. Kostata, baina badihardugu taldetxo batek autogestiotik gaztetxean kontzertuak antolatzen. Eta hala, musikaren magiak ohi duen gisan, azken abestian Jon Basagurenen ahotsean entzun ditugun hitzek borobildu dute gaualdia: “Ez du nireak egingo nirea egin gabe / Esan nor baztertzen duzun, eta esango dizut nor zaren / Kanta hauek –eta espazio hauek!– lore sortak dira bide bazterretan / Garraxi bat lur azpian, aizto bat fusil guztien kontra”.