Lurzaindiaren eta ELB sindikatuaren kalkuluen arabera, metro koadroa 136.000 euro ordaindu ditu Baigorriko laborariak enkantean zen etxaldea eta lurra erosteko, prezio “normala”ren bikoitza.
Lurzaindia eta ELB sindikatua, laborantzarako lurrak eta etxaldeak uzten direnean, espekulatzaileen esku ez uzteko ahaleginean aritzen dira. Halako egoera bat zen urriaren 24koa. Baigorriko Tipi familiaren etxaldea eta lurrak ziren salgai. Lurzaindiak eta ELBk bazuten itxaropena lurrok prezio “normal” batean saltzeko enkantean. Horretarako, SAFER-ekin (lurrek eta etxaldeek laborantzan jarrai dezaten, saltzeko orduan prezioak espekulaziotik askatzen aritzen da Frantziako egitura hau) bilkura egin zuten.
Lurzaindiako Dominique Amestoyk salatu du likidatzailearen abokatuak SAFER egitura mehatxatu zuela, esanez enkantea baino lehen bildu zela ELB sindikatuarekin eta Lurzaindiarekin prezioak apalarazteko. Amestoyk Euskal Irratietan adierazi duenez, helburua ez zen prezioak apalaraztea, baizik eta espekulaziotik ihes egin eta prezio normal batean ateratzea etxaldea eta lurrak, laborariren batek hartu ahal izateko. Amestoyren esanetan, likidatzailearen abokatuak SAFER lotsarazi zuen eta azkenean enkantean ez zuen eskaintzarik egin.
Kurutxarriren etxaldeak erosi ditu lurrak eta etxaldea, Lurzaindiak eta ELBk estimatuta zeukaten prezioaren bikoitza ordainduta. Amestoyren iritziz, kontsolamendu bakarra da lurrok eta etxaldeak bizirik jarraituko dutela, auzoko laborariaren eskuetan geratu direlako.