Lurraren Eguna ospatuko da maiatzaren 5ean, Donaixti-n (Baxenabarre). Kari horretara, Lurzaindia-k harpidetza kanpaina berriari hasiera emanen dio igandean.
Lurzaindiak, harpidetza bitartez, bi proiektu berriren aldeko sostengua ezarri nahi du Donaixti eta Ahurti herrietan. Euskal Herriko laborantza lurrak atxikiz, elikaduraren burujabetza, enpleguen sortzea, tokiko elikaduraren sustapena eta laborantzaren transmisioa ahalbidetu nahi du elkarteak.
2018an abiatu zen sostengu kanpaina eta orain, 38 hektarea lur ordaintzeko 135.000 euroko mailegua kitatu nahi du Lurzaindiak. Bastien Cecchetto eta Perrine Decarsin Donaixtin, eta Laura Daniel Ahurtin dira plantatu nahi diren laborariak. Harpidetza kanpaina hiru laborari horien egitasmoak laguntzeko da.
Lurzaindiak lehentasunez erosteko eskubidea eskatu zion Saferrari, sendagile batek lur sail zenbait erosi nahi zituelako: “Lurren espekulazioaren aurkako borrokan bakarrik sentitzen gara usu”, erran du Lurzaindiako Dominique Amestoy lehendakariak.
Alta bada, oraingoan espekulatzaileen asmoa geldiarazi dute. Bilduko den dirua mailegua ordaintzeko baliagarria izanen da eta hiru laborari plantan jarriko dira. Lurzaindiak deia egin dio jendarteari Donaixtin ospatuko den Lurraren Egunean parte hartzeko eta bere ekarpena egiteko, maiatzaren 5ean, igande honetan.