Lurzaindia, laborantzarako lur bila dabiltzan baserritar berrientzako etxaldeak erosi eta lurraren espekulazioari aurre egiten saiatzen den erakundea, diru-bilketa kanpainan ari da Euskal Herri osoan. Aurten bi baserri biziberritu nahi ditu, bata Ahurtin (Lapurdi) eta bestea Donaixtin (Nafarroa Beherea).
Baiona inguruan, Lapurdiko kostaldean, hormigoiaren eta espekulazioaren presio handia nozitzen duten herrietako bat Ahurti da. Bertan Lurzaindiak Berhonde etxaldearen zortzi hektareak erosi ditu, probestuz legeak nekazal lur bat saltzerakoan laborariek hori erosteko zenbait deretxo daukatela. 47.800 euro ordaindu ditu lurrok, orain baratzegintzarako erabiliko dituen Laura Daniel nekazari gazteari errentan uzteko. Etxebizitza bera Laurak bere aldetik erosiko du.
Bigarren baserria, Arla, Donaixtin dago (Nafarroa beherea) eta bere 25 hektareak lau borda eta guzti erosteko Lurzaindiak 84.300 euro erabili ditu. Bertan kokatuko dira Perrine Decarsin eta Bastien Cecchetto nekazari gazteak, manex ardiekin gazta eta bestelako esnekiak ekoizteko, hauek ere biologikoan barazkiak haziko dituen Laurak bezala.
Lurzaindiak dotazio funts bat dauka antolatuta herritar eta erakundeen diruak bildu eta nekazaritzan hasi nahi baina lurrik ez duten baserritar gazteei laborantzan instalatzen laguntzeko. Nekazaritza utzi eta segidarik ez dutenek eskainitako lurrak ere hartzen ditu dohaintzan. Dirua edo dohaintza egin duten herritar eta erakundeak Lurzaindiaren akziodun dira eta orain arteko azken biltzarra joan den apirilaren 27an egin zuten.
2000 eta 2010 urteen artean, Ipar Euskal Herriak laborantza lurren %25 galdu du, horietatik %9 laborantzarako erabiliak izan behar zirenean. Lurraren prezioa %28 igo da. Horri guztiari aurre egiten 2013tik lanean ari da Lurzaindia.