argia.eus
INPRIMATU
Amama
Lursail bakoitzak bere arnoa
  • Irulegi eta Anhauze artean ditu mahastiak Joanes Haritschelharrek, Amama proiektuaren bultzatzaileak. “Mahastiak ene amarenak ziren, eta bera jubilatu zenean hartu nuen nik etxaldea, 2022an”, azaldu du. Ama mahastizaina eta aita ardi gasnagilea ditu, eta beraz, beti izan du harreman estua laborantza munduarekin. Amak jubilazioa hartzearekin batera, arnogintza ikasketak egin eta erreleboa hartu zion semeak, laborantza biologikora salto eginda. Irulegi sormarkaren barruan dago Amama proiektua.

Garazi Zabaleta 2025eko irailaren 08a

Hiru hektarea mahasti ditu guztira Haritschelharrek, hiru lursailetan banatuta; bi hektarea arno beltzerako, eta hirugarrena, zurirako. Beltzean Bordelesa, Axeria eta Axeri Handia barietateak darabiltza, eta zurian, berriz, Izkiriota Txikia eta Izkiriota Handia. “Lursail bakoitzak bere arno propioa du, mahatsak ez ditugu nahasten, arno bakoitza lursailaren erakusleiho izatea nahi dut eta”. Izan ere, mahastizain honek azaldu digunez, lur motak, orientazioak, topografiak, mahastien adinak eta beste zenbait faktorek eragina dute arnoaren izaeran: “Zaporean eragina dute elementu horiek guztiek, horregatik da arno desberdina lursail bakoitzeko, izen banarekin”.

Baina arnoaren izaera eta zaporea aldatzen doa, ez soilik lursailaren arabera, baita urtearen arabera ere. “Urtetik urtera aldatzen dira arnoak, urte horretako klimaren arabera. Ez da gauza bera urte freskoa izan bada edo beroa eta eguzkitsua, ni ez naiz saiatzen urtero ber arnoa egiten”. Ekoizpen ekolologikoan ari da irulegiarra, mekanizazio gutxirekin eta batez ere eskuz biltzen du –gune menditsuak ez du mekanizazioa errazten–, eta gehigarririk erabili gabe. “Arno naturalak dira, bakoitza bere nortasunarekin, gehigarririk eta artifiziorik gabe”, dio. Urte osoan jardunaldi erdian langile bat du kontratatua, eta mahats-biltze kanpainan beste langile bat edo bi hartzen ditu, baina auzolanak pisu handia du Amaman. “Auzoko laborariekin, familiarekin, lagunekin… mahastizainen artean ainitz mantentzen dugu auzolan kultura hori”.

Irailaren 14an Irulegiko sormarkaren besta

Mahats biltzen bezala, materialak partekatzen ere elkarlanean ari dira Irulegiko laborariak, Haritschelharrek nabarmendu duenez. Izan ere, makineria eta tresneria partekatzeko taldea dute zenbait ekoizpenen artean. “Etxalde ttipiak ditugu, eta garrantzitsua da tresnak partekatzeko eta elkarlanerako horrelako proiektuak egotea”, dio. Biba Ardoak proiektuko kide ere bada.

Irailaren 14an Irulegiko sormarkaren besta edo ate irekiak eginen dituzte herrian. Amama proiektua eta gainontzeko mahastizain guztiak bertan egonen dira, eta bertaratzeko gonbitea luzatu du laborariak. “Gure arnoak dastatzeko, ezagutzeko eta Irulegin besta giroan egun eder bat igarotzeko aukera izanen da”, amaitu du.