argia.eus
INPRIMATU
Lurralde okupatuetako produktuak etiketatzera derrigortuko du Europar Batasunak
  • Argitaratutako dokumentuak azpimarratzen du neurriaren helburua “kontsumitzaileei erabakiak informazio guztiarekin hartzen laguntzea” dela. Azaldu dutenez, “Made in Israel” etiketa erabiltzeak Europar Batasuneko araudia urratzen du ez delako zehatza eta kontsumitzailea erratzea ekar lezakeelako. Europar Batasunak argitaratutako testua Batasuneko herrialde guztiek bete beharko dute.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko azaroaren 12a
Batez ere, lurralde okupatuetan ekoitzitako fruituei, barazkiei, oliba olioari eta kosmetikoei eragingo die.

Zisjordanian, Ekialdeko Jerusalemen eta Golanen egindako produktuei eragingo die neurriak, batez ere fruituei, barazkiei, oliba olioari eta kosmetikoei. Produktuak kolonietatik datozen edo lurralde okupatuetako beste nonbaitetik, etiketa baten bidez zehaztuko dute.

Antzeko araudi bat badago indarrean Erresuma batuan, Danimarkan eta Belgikan. Hala ere, Europar Batasunak ildoak zehaztu eta gomendioak egingo ditu soilik; herrialde bakoitzaren esku egongo da neurria nola jarri indarrean. Testuak ez du zehazten etiketaren forma edo edukia. Batasunaren esanetan araudia jada existitzen denez, euren lana estatuei laguntzea da.

Ageri diren gomendioen artean Europar Batasunaren testuak zehazten du ez dela onargarria “Golaneko produktua” edo “Zisjordaniako produktua” jartzea produktuetan, eta “Israelgo asentamendu” edo antzekoa gehitzea gomendatzen du.

Ekialde Hurbileko gaur egungo egoeraren ondorioa

Europar Batzordeak hiru urte behar izan ditu dokumentua adostu eta argitaratzeko. Apirilean hamasei atzerri ministrok gutun bat bidali zioten Federica Mogherini Europar Batasuneko atzerri gaietarako ordezkariari kolonietan egindako produktuak etiketatzeko araudiaren argitalpena arintzeko. Financial Times egunkariaren esanetan araudia Erresuma Batuaren eta Frantziaren aspaldiko nahia da.

Bruselaren esanetan hartutako erabakia soilik administratiboa da, baina hainbat egunkari europarrek interpretatu dutenez, Batasunaren erabakia Ekialde Hurbileko gaur egungo egoeraren eta zenbait estatuk elkarrizketa prozesu berri bat abiatzeko nahiaren ondorioa da. Israeleko Gobernuak segituan kritikatu du erabakia eta Europar Batasunak Israelen duen enbaxadorea deitu du. Benjamin Netanyahu lehen ministroak erabakia “hipokrita” dela adierazi du, eta gaineratu du Europar Batasunak ez duela berdin jokatzen beste gatazka batzuetan.

Europar Batasuna Israelen bazkide komertzial nagusia

Israelek 30 mila milioi dolar irabazten ditu urtean Europar Batasunari saldutako zerbitzu eta produktuetatik. Lurralde okupatuetako produktuak kopuru horren %1 dira. Israelgo ekonomia ministroak aurreikusi du erabaki honen eragina 50 milioi dolarrekoa izango dela, kolonietan ekoitzitako produkzioaren %5. Urtean 200 eta 300 milioi dolar artean ekoizten dituzte lurralde okupatuetan.