argia.eus
INPRIMATU
Lurralde antolaketak nola eragiten du erabiltzen duzun hizkuntzan?
  • Lurralde antolaketak, hazkunde urbanistikoak esate batera, hiztun komunitateetan eragiten du, hizkuntza aldaketak sorraraz ditzake. Lurraldea & Hizkuntza jardunaldietan kontzeptu hori bereziki arnasguneetan nola garatzen den landuko dute.

ARGIA @argia 2014ko urtarrilaren 03a
Donostian urtarrilaren 16an eta 17an izango dira jardunaldiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak antolatu dituzte Donostian urtarrilaren 16an eta 17an egingo diren jardunaldiak. Udako Euskal Unibertsitatea izango dute bidelagun bi egun horietarako. Aipatu lehen hiru erakundeek ELE / Arnasguneak hedatuz proiektua abian jarria dute eta berau gizarteratzeko antolatu dituzte jardunaldiak.

Bi eguneko saioek hiru helburu dituzte: batetik, geografia eta hizkuntzaren arteko harreman estuaz hausnartzea; bigarrenik, lurralde antolaketak eta hirigintzak euskararen hiztun komunitatearengan duen eragin zuzenaz ohartaraztea; hirugarrenik, eragin hori kontuan har dadin hartu beharreko neurriez hausnartzea, kalteak murrizteko eta onurak indartzeko.

Euskal Herriaz kanpoko arnasguneetako (euskara nagusi den gune geografiko edo soziofuntzionalak dira) esperientziak entzun ahal izango dira Donostian, baita herri euskaldunen bizipenak eta beharrak mahai gainean jarri ere.

ELE /Arnasguneak hedatuz sortu aurretik Kontseiluko hainbat bazkide ari ziren alor hori jorratzen. Bertsozale Elkartea, Emun, Euskal Herrian Euskaraz, Euskaltzaleen Topagunea eta UEMAk lan-taldea osatua zuten. Haiek, egindako gogoetatik ondorioztatu zuten arnasguneek duten garrantziaz jabetu behar dutela eragileek eta gizarteak. Arnasguneen garrantziaz gain, euskararentzat gune berriak irabazteko jendartea aktibatzea proposatzen du lan-taldeak.

Lurraldea & Hizkuntza jardunaldietako egitaraua eta izen ematea

Kontseiluak arnasguneei buruz egindako bideoa