argia.eus
INPRIMATU
Lurrak 2014an sor ditzakeen baliabide naturalak agortu ditugu dagoeneko
  • Aztarna ekologikoa aztertzen duen Global Footprint Network erakundearen arabera, abuztuan jada agortu egin ditugu 2014 osorako Lurrak sor ditzakeen baliabide naturalak. Gizakion kontsumo maila handia dela-eta, planeta eta erdi "behar" dugu gaur egun.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko abuztuaren 25
Abuztuaren 19a izan zen urteko muga ekologikoa gainditu genuen eguna.

Zehazki, abuztuaren 19a izan zen urteko muga ekologikoa gainditu genuen eguna. Egun horretatik aurrera, ezinezkoa da kontsumitutako baliabideak birsortzea. 2000. urtean, urriaren 1ean gainditu genuen muga, baina urtetik urtera gero eta azkarrago "jaten" dugu Lurra. 1961ean adibidez, Global Footprint Network erakundea jaio zen urtean, baliabide naturalen bi heren kontsumitzen zituzten gizakiek. Aztarna ekologikoa askoz txikiagoa eta jasangarriagoa zen orduan. Erritmo hau jarraituz gero, 2050erako Lurraren hiru halako beharko genituzke gizakion kontsumo eskaerari aurre egiteko.

Ondorioak

Baliabide naturalak agortzearen ondorioz, baso azalera gero eta txikiagoa da, baliabide hidriko naturalak gutxitu ditugu, Lurraren kalitatea gainbehera doa eta dibertsitate biologikoa pobretzen ari gara, modu kezkagarrian. World Wildlife Fund erakundeak txostena argitaratuko du iraila bukaeran, gure planetaren osasunaz eta gizakion aztarna ekologikoaz.

Erakunde horretako zuzendari Marco Lambertiniren hitzetan, egungo joerak erakusten badu ere munduaren ahalmena bortxatzen ari garela gu asetzeko, oraindik ere denbora daukagu "neurri sendoak hartu eta baliabide naturalen kontsumo jasangarrian oinarritutako etorkizuna erakitzeko". Erakundearen arabera, energia berriztagarrien aldeko apustua egitea eta gure kontsumo ohiturak aldatzea dira bidea, besteak beste.