NASAk argitaratutako azken datuek diote munduko akuifero handienak urik gabe gelditzen ari direla. Washington Post egunkarian jaso dute egoeraren larritasuna.
Munduko 37 akuifero handienetatik erdia baino gehiago erritmo oso azkarrean husten ari da, ehunka milloi pertsonarentzat ur edangarria arriskuan jarriz.
37 akuifero horietatik 21ek –India, Txina, AEB eta Frantzian kokatuak–jada pasa dute jasangarritasunaren inflexio puntua. Hamarkada batean, ur gehiago hartu da bertatik iturri naturalek sortu dutena baino.
Jay Famiglietti NASAko zientzilariak adierazi duenez, egoera “oso kritikoa” da. Akuiferoek munduko populazioak erabiltzen duen uraren %35a ematen dute, eta lehorte garaietan zenbaki horrek gora egiten du.
Egoera txarrenean dauden akuiferoak asko populatutako eta pobrezia egoerako eremuetan kokatzen dira, hala nola Indiako ipar mendebaldean, Pakistanen edota Afrikako iparraldean. Toki horietan alternatibak oso murritzak dira eta ur faltak populazioaren ezegonkortasun azkarra eragin lezake.
Famigliettik esan du datu berri hauek gizartean “eztabaida piztea” espero duela, eta lur azpiko uren inguruko ikerketa sakonagoak egiteko balio dezala. “Gure buruak elkartu behar ditugu pentsatzeko nola kudeatuko ditugun lur azpiko urak, horiek gabe gelditzen ari baikara”.