argia.eus
INPRIMATU
Lur planetako aliena
  • Udan gertatua. Haizea badabil, baina bero dator, ez dirudi hegan egiteko ere gogorik eman behar duenik. Euliek, ordea, ez dute inolako suspertzailerik behar han-hemenka etengabe aritzeko. Bai gogaikarriak! Hara! Zeozer hegan etorri eta zuhaixka horren hosto artean sartu da. Ez zen txikia, txoria izateko modukoa ez ordea. Hegaldia ere ez zuen oso bizkorra… bero honekin… ea zer den…

Iñaki Mezquita Aranburu 2023ko urriaren 02a
Argazkia: Iñaki Mezquita Aranburu.
Empusa Pennata. Argazkia: Iñaki Mezquita

Taldea: Ornogabea / Intsektua / Mantodea

Neurria: 5-8 cm bitartekoa.

Non bizi da? Klima mediterraneoko sastrakadietan.

Zer jaten du? Ornogabeak, intsektuak nagusiki.

Babes maila: Europan ez dago babestua.

Martzianoek halako txikiak suertatu behar zutenik nork sinetsi! Zentimetro batzuk besterik ez! Baina bai itxura ikusgarria. Eskerrak ez duela metro pare bat neurtzen! Empusa pennata Mantisen familiako espezie bat da (Mantodea familiakoa hain zuzen ere). Gure artean hain ezagunak ditugun marisorginen antza du mugimenduetan, jarreran, portaeran. Senitartekoak direla garbi uzten du. Baina bere ezaugarri nagusietako batek (eta izena ematen diona gainera) berehala arreta ematen du: bere buruko gandorrak, hain zuzen ere. Kapela dirudi eta intsektu goren eta ahaltsu baten aurrean gaudela ohartarazten gaitu.

Ehiztari paregabea, aurreko hanka indartsu horiei esker harrapakinei otoitz egin beharrean direla iragartzen die, marisorginek adierazten dieten bezalaxe. Beste intsektuez elikatzen da nagusiki, nahiz eta armiarmei ere ez muzin egin. Normalean, adartxo batean edo hosto artean geldirik egoten da harrapakin bat ageri arte, gero, bere aurreko hankek aurreraka jauzi egin eta horiek dituzten arantzetatik ihes egin ezinik geratzen den harrapakina jaten hasiko da.

Intsektu espezie askotan suertatzen den bezalaxe, emeak arrak baino handiagoak izaten dira eta zortzi bat zentimetrotara ere ailegatu daitezke, nahiz eta ohiko neurria 5 eta 7 cm bitartekoa izan. Marisorginen kasuan bezalaxe, baina ez hain maiz, emeen nagusitasun fisikoak arrak harrapakin bilakatzea ekartzen du tarteka. Hala ere, arrak trebeagoak dira hegan egiteko garaian… Gaitzerdi!

Intsektuak direnez, metamorfosia burutu behar izaten dute. Metamorfosi sinplea deituriko prozesuak hiru fase ditu: arrautza, ninfa eta heldua. Ninfa fasean bere azala sei aldiz aldatzen dute hazi ahal izateko. Azken azal aldaketa eta gero, hilabete erdia edo behar dute sexu-heldutasuna lortu eta ugalketari ekiteko. Marisorginek ez bezala, negua ninfa moduan igarotzen dute –marisorgin alfertxoek arrautzatik atera gabe gainditzen dute negua–.

Eremu lehor eta beroak ditu gustuko eta gure lurretan klima mediterraneoa nagusi den lekuetan bizi da, sastraketan nagusiki, eta horiek jasaten ari diren desagertze eta galtzea kalte egiten ari zaizkio, bere populazioak gutxituz. Intsektu dotore hauek udetako sute madarikatuen harrapakin errazak bilakatzen dira, bere zoritxarrerako.