Lur Hiztegi Entziklopedikoa eta Lur Entziklopedia Tematikoa osorik deskarga daitezke Internetez, Open Data Euskadi webgunetik. 1991 eta 1995 urteen artean argitaratu zen hiztegia, 10 liburukitan banaturik; eta 1999an entziklopedia tematikoa, hamairu liburukitan.
2011n hasitako bidea borobildu du horrela Open Data Euskadik. Iaz, euskarazko Wikipedian 11.000 artikulu berri sareratu ziren Lur entziklopediaren edukiekin, eta aurtengo udaberrian entziklopedia zein hiztegia sarean kontsultatzeko aplikazio informatikoa aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak.