Ezer geratu bada argi pasa den astean Londresen Txinako eta AEBetako merkataritza-arduradunen artean adostu zuten “esparru-akordioan” (batek daki zer esan nahi duen zehazki esamoldeak; “Genevako akordioari buruzko akordioa” dela diote batzuek), hauxe izan da: “lur arraroak” oso ohikoak izango ditugula hemendik aurrera alor horretako –eta beste batzuetako– ika-miketan.
Aspaldi samarretik zetorren kontua, baina orain, merkataritza-gerraren inguruabarrek umotu dutenez, komeniko da temaren nondik nora ahalik txukunen adituta ibiltzea. Izan ere, gatazka ekonomiko zehatz horren ikuspuntu soiletik begiztatu nahi izan dute gaia baten batzuek; lehiakideetako batek, Txinak, bere abileziagatik edo aurkarien baldarkeriagatik, duen abantaila hutsa balitz bezala. Oraintxe bertan, Txinari, azenarioaren eta akuiluaren estrategia erabiltzea zilegituko liokeen faktore zirkunstantziala litzateke halakoentzat. Eta horrexegatik, alderantzikagarria.
Bada, hori ere egia izanik hein batean, ez da egiaren zatitxo bat besterik. Egiaren osotasunera hurbiltzen joateko, izenetik bertatik hasi behar genuke. “Lur arraroen” arrarotasuna egia izan baitaiteke kimikaren eta geologiaren ikuspuntutik, baina ez da batere zuzena ekonomiaren ikuspegitik: “lur arraroak” ez dira bereziki arraroak eta menturazkoak, baizik difusoak eta oso kontzentrazio txikian aurkitzen direnak. Horregatik da askoz zuzenagoa “mineral estrategikoak” esamoldea, haien erabiltzaile nagusien artean aspalditik ohikoa den eran.
Estrategikoak dira, arraroak baino gehiago. Eta ez atzo goizetik. Metalgintzaren hastapenetik izan dute estimazio galanta haietako batzuek, eta siderurgia eta elektrokimika loratu zirenean zer esanik ez
Estrategikoak direlako, arraroak baino gehiago. Eta ez atzo goizetik. Metalgintzaren hastapenetik izan dute estimazio galanta haietako batzuek, eta siderurgia eta elektrokimika loratu zirenean zer esanik ez. Hurbiltasun hutsez, ezagun samarra egin behar litzaiguke wolframioaren kasu paradigmatikoa II. Mundu Gerran. Lehengai berbera hizpide da orain, berriro, Txina eta AEBen arteko liskarrean.
Lehengai estrategiko horien zerrenda (galioa, germanioa, neodimioa...) eta eskaera, ordea, biderkatu egin da optikaren, telekomunikazioen, bioteknologiaren eta abarren aurrerapausoekin. Gehienetan, garrantzizkoak ez, ezinbestekoak direlako halako gailuen fabrikaziorako. Trump bera ere jabetu bide da zenbait imanen erabakigarritasunaz, pentsa.
Baina iraganeko iraultza industrialetan ez bezala, lehengaia eskueran izateak apenas esan nahi duen ezer kasu honetan; eguzkia edo haizea edukitzeak eguzki-energiaz edo eolikoaz baliatu ahal izatea esan nahi ez duen bezalaxe. Lehengaia ustiatzeko kapitala, know how-a, teknologiak... prozedurak ikasi, menderatu eta aplikatu egin behar dira. Eta eskalaren arazoa dator gero, lehengai horien ustiapena ekonomikoki errentagarria izan dadin; multzoka gehienetan, lehengai bakarra ustiatzea nekez izango baita errentagarria. Jasangarritasun ekologikoa gehitzen badiogu...
Ez du menturak bihurtu Txina “lur arraroen” jaun eta jabe. Luzarorako.