Gara egunkariak argitaratu duenez, AHTko lanen tunelik luzeenean, Zumarragakoan, geldirik daude obrak, maiatza bukaeran gertaturiko luizi baten ondorioz. Gainera, aferak irregulartasunak azaleratu ditzake. LAB sindikatuak salaketa aurkeztu du Gipuzkoako Lan eta Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzan.
Tunelak 5,5 kilometro ditu eta luzeragatik, aldi baterako bi enpresa-elkarteri esleitu zaizkie lanak, bakoitza zati batez ari da arduratzen. Tunelaren aldeetako batean, 28 metroko luizia izan zen maiatza bukaeran, eta hainbat langilek Garari esan diotenez, larriki zauritzeko arriskua izan zuten langileetako batzuek. LAB sindikatuak aurkezturiko salaketan, zer gertatu zen egiaztatzeko, dagozkion ardura legalen espedientea irekitzeko eta, behar izanez gero, lanak lehenbailehen gelditzeko eskatu du.
Balizko irregulartasun gehiago ere haizatzen ditu LABen salaketak. Tunel horretako obren esleipena duen enpresa-elkarteetako batean Galdiano Eraikuntzak ari da lanean, 2013ko otsailaz geroztik hartzekodunen konkurtsoan. Bada, enpresa-elkarte horrek hitzartutako ordainketetan %40ko prezio aldaketa eskatu zuen, ustekabeko gastuak argudiatuta, eta Euskal Trenbide Sarearekin akordiorik lortu ez zuenez, tunelaren azken 500 metroetan geldirik daude lanak. LABek dio (langileen hitzetan oinarrituta) Euskal Trenbide Sareak beste enpresa-elkarteari eskatu diola 500 metro horietako lanei aurre egiteko, eta dagoeneko sartu dela berez ez dagokion eremuan. Hala dela frogatuz gero, legez kontrakoa litzateke.