argia.eus
INPRIMATU
Luis Roldán hil da, Espainian torturatzen zela aitortu zuen Guardia Zibilaren zuzendaria
  • Luis Roldán PSOEko kidea izan zen, Zaragozako Udalean zinegotzia, 1982an Espainiako Gobernuaren ordezkari izendatu zuten Nafarroan eta handik lau urtera, 1986an Guardia Zibilaren zuzendari bihurtu zen. Horretan aritu zen 1993ko abendura arte, ustelkeriagatik kargua utzi, Thailandiara ihes egin eta harrapatu ondoren, 31 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Ostegunean hil da Zaragozako ospital batean.

Axier Lopez @axierL 2022ko martxoaren 24a
Argazkia: Getty Images

Espainiako ustelkeriaren aurpegi ezagunenetako bat izan da Luis Roldán. 31 urteko espetxe zigorra jaso zuen Guardia Zibilaren aurrekontuetatik ia 10 miloi euro beretzat hartu izanagatik. Bere izena are ezagunago eta mediatikoago egin zen 1995ean, Espainiako Estatutik ihes egin ostean eta hilabete batzuetara Bangkoken harrapatu zutelako.

Zazpi urtez izan zen Segoviako Brieva emakumezkoen kartzelan. 2005ean Madrilgo auzitegi batek kartzelatik ateratzea baimendu zuen lan egiteko, eta 2010ean erabateko askatasuna eman zioten. Espetxe Araudiaren 100.2 artikulua baliatuta atera zen kartzelatik Luis Roldán. Artikulu horren arabera, espetxeak berak malgutasunez irakurri dezake presoaren egoera eta horren arabera nahi duen graduan sailkatu, baita gradu nahasketa egin ere. Horrela atera ziren gerra zikina-rekin lotutako beste buruzagi garrantzitsu batzuk: Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibilaren jeneral ohia eta Rafael Vera Barne Estatu idazkari ohia, kasu.

Roldán Guardia Zibileko buru izan zenean (1986-1993), ETAko zuzendaritzaren aurkako Bidarteko operazioaren eta Kataluniako independentismoaren aurkako 1992ko operazioaren arduradunetako bat izan zen. Bere agintaldian, guardia zibilek egindako tortura salaketak ugariak izan ziren.

Espainian torturatu egiten da

2013an El País-ek egin zion elkarrizketan torturak Espainiako komisaldegian ohikoak zirela aditzera eman zuen Luis Roldánek: “Hipokritak ez bagara, batek ulertu behar du 23 lagun hil dituen gizona atxilotzen baduzu, galdekatu eta aitortzen badu, zerk eragin dio aitortza hori egitea? Kolpeak izan dira, arrastorik uzten ez duten presio fisikoak, baina pentsa dezakezuna da gerta litezkeela. Presio psikikoak ere bai. Norbaitek uste du deklaratzen dutena deklaratzen dutela bortxarik gabe?”.

Elkarrizketa berean adierazi zuenez, bere lehen "gainsoldata" jaso zuen Espainiako Gobernuak Nafarroan zuen ordezkaria zela, sei milioi pezeta, eta berak bezala, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru gobernadore zibilek eta Madrilgo eta Bartzelonako gobernadoreek kobratzen zutela aitortu zuen.