1999an sortu zuten Udalbiltzaren sortzaileetako bat izan zen, eta erakundeko lehen presidente izendatu zuten urte berean. Ondarroako alkate izan zen hiru agintalditan, eta hango udalak eman du albistearen berri.
80 urterekin hil da Loren Arkotxa Meabebasterretxea (Ondarroa, Bizkaia, 1945-2025) astehelenean, Udalbiltzako lehen presidente izandakoa eta sorterriko alkate izan zena hiru agintalditan: 1987tik 1991ra, 1991tik 1995era eta 1999tik 2003ra. Hain zuzen, Ondarroako Udalak eman du albistearen berri goizaldean, sare sozialen bidez: "Eskerrik asko herria egiteagatik".
Arkotxak Euskal Herritik kanpo egin zituen bere gaztaroko nahiz helduaroko urte ugari: 17 urte zituela joan zen Australiara, basogintzan aritzera. "Ahalik eta arinen joan nahi nuen. Gurasoek ez zuten nahi, baina familia bertan izateak beti laguntzen eta babesten du", azaldu zion Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza hedabideari 2023ko azaroan eskainitako elkarrizketan. Euskal Herrira itzultzean ekin zion ezker abertzalean militatzeari, eta 1987ko hauteskundeetan Ondarroako alkategai izateko Herri Batasunako zerrendaburu izan zen. Geroztik, hiru agintaldi egin zituen jaioterriko alkate gisa, 1987 eta 2003 artean.
1999an sortu zuten Udalbiltzaren bultzatzaileetako bat izan zen, eta erakunde horretako lehen presidente izendatu zuten urte berean. Udalbiltzak bere webgunean azaltzen du Euskal Herriko udalen partzuergoa dela, "Euskal Herria nazio gisa hartzen duen erakunde publiko bakarra". Erakunde horren sorreran eta hastapenetan izan zuen paperaren ondorioak ere jasan zituen Arkotxak: Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzón epailearen aginduz atxilotu eta espetxeratu zuten 2001ean. Hamabost urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak harentzat, baina azkenean absolbitu egin zuten.