argia.eus
INPRIMATU
Lorde, Gonzalez eta Celanen itzulpenak aurkeztuz ospatu du Susak poesiaren nazioarteko eguna
  • Audre Lorde, Angel Gonzalez eta Paul Celan idazleen Munduko Poesia Kaierak aurkeztu ditu Susa argitaletxeak.

ARGIA @argia 2016ko martxoaren 21
BeƱat Sarasola MPK bildumaren editorea, Lorde eta Gonzalez itzuli dituzten Sarriugarte eta Markuletarekin kaieren aurkezpenean (argazkia: Susa).

Danele Sarriugartek, Gerardo Markuletak eta Xabier Montoiak apailatu eta itzuli dituzte hurrenez hurren hiru poeton lanak eta martxoaren 21a Poesiaren Nazioarteko Eguna dela probestu dute aurkezpenerako.

15 dira dagoeneko nazioarteko poesia euskarara ekartzeko Susak martxan jarri zuen ekimenaren barruan itzuli dituzten egileak. Azken hiru poeten inguruko soslai hauek egin ditu argitaletxeak.

Feminismo beltzaren erreferente nagusienetakoa

Audre Lorde (1934-1992) Amerikako Estatu Batuetako idazlea izan zen Langston Hughes poeta handiak ezagutarazi zuen Poesia negro berria bilduman. Lorde ausart mintzatu zen emakume, lesbiana eta beltza izateagatik pairatutako azpiramenduari buruz, eta askorentzat onartezina izan zen hark idatzitakoen erradikaltasuna.

Feminismo beltzaren erreferente nagusienetakoa izan zen, Alice Walker edo berriki Euskal Herrian izan den Angela Davisekin batera.

Arnas zabaleko poeta soziala

Espainiako poesia sozialaren multzoan kokatu izan dute Angel Gonzalez (1925-2008). Baina, sozialtzat jo izan diren beste poeta zurrun batzuen aldean, arnasa zabalagoa sumatzen zaio haren poesiari, ironiak ematen dion distantziaz baliaturik.

Carlos Bousoñok adoretu zuen lehen poema liburua ontzera. Maitasuna, gerra ostearen garratza, eguneroko bizimodua, gauarekiko lilura, alkoholarekiko jaidura... Susa argitaletxeak jakitera eman duenez, askotarikoak dira Gonzalezen gaiak, eta gardena beti idazkera.

Letra alemanen figura ezinbestekoa

XX. mendeko bigarren erdian alemanez idatzi zuen poeta garrantzitsuena da Paul Celan (1920-1970). Naziek ghetto batean atxiki zuten lehenik, kontzentrazio esparru batean gero.

Heriofuga da bere poema ezagunena, holokaustoaren horrorea islatzen duena. Gruppe 47 literatur taldeko kidea izan zen eta lagun izan zuen Ingeborg Bachmann. Celanen poesian ugariak dira bortizkeriazko irudiak bezala esanahiaren hutsaltasunari eta ezerezari buruzko aipamenak.