Hainbat eragilek (tartean Ikastolen Elkarteak berak) LOMCEri aurre egiteko gida plazaratu zuten joan den astean. Orain, Ikastolek diote gidaren azken testuko puntu batzuk ez zituztela hala adostu. Adibidez, ez dute egoki ikusi "desobedientzia" hitza erabiltzea. LOMCEren kontrako plataforma uztea aztertuko dute.
Asteburuan Agurainen egin diren Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCEri ez! jardunaldietan ez parte hartzera deitu zuen ostiralean Ikastolen Elkarteak. Hedabideoi aurkeztutako gidan "irregulartasun larriak" ikusten ditu, euren esanetan legea "aplikatu ez dadin estrategia komunak lantzea" bezalako esaldiak adostu zituztelako, eta horren ordez "desobedientziaren bidea" proposatzen du gidak.
Gainera, kexu dira ez delako aipatzen hezkuntza lege baten beharra, "patronal" hitza erabiltzen delako, eta "kanpo ebaluazioak ez egitea" proposatzen delako, azterketa horiek "ez egiteko euskal erakundeen babesa exijitu" ordez.
Gidaren egileek osatzen duten plataforman jarraitu edo ez aztertuko du Ikastolen Elkarteak hurrengo Artezkaritza Kontseiluan, eta "momentu honetan plataforma uztearen aldekoa da nagusi den jarrera".
Gainerako eragileek (Ikasle Abertzaleak, Udako Euskal Unibertsitatea, Sortzen, Hik Hasi, ELA, LAB, STEE-EILAS) "bakoitza bere tokian eta bere erantzukizunetik, gure etorkizuna babestu eta hobetu nahi duen dinamika honetan aktiboki parte hartzera" gonbidatu dituzte hezkuntza langileak, familiak, ikasleak eta herritar guztiak, asteburuan egin dituzten jardunaldietan.
LOMCEri aurre egin eta Euskal Herrian gure hezkuntza eraikitzeko estrategia eta baliabideak aztertu zituzten ehun ordezkari inguruk eta balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. Aurrera begira, "ikastetxe, auzo, herri eta eskualde ezberdinetan dinamika indartu eta indarrak metatzea" dute helburu.
Ikastolen Elkartearen erreakzioarekin harrituta
Gida egiteko garaian, erakunde guztiek askatasunez parte hartu dutela eta erabaki guztiak adostasunez hartu direla adierazi dute plataformako gainerako kideek, eta harrituta daudela Ikastolen erantzunarekin.
Gidaren oinarrizko planteamendu eta proposamenek eragile guztien adostasuna eta babesa izan dutela gaineratu dute, prentsaurrekoa asteartean eman zutenetik Ikastolen Elkarteak desadostasuna sortzen zion ezer ez ziela jakinarazi eta "hauen berri prentsaren bidez" jakin dutela.