argia.eus
INPRIMATU
LOMCEren kontra mobilizazioak deitu dituzte Hego Euskal Herrian
  • LOMCE legearen aurkako protestak deitu dituzte hezkuntzako hainbat eragilek eta zenbait sindikatuk, Hego Euskal Herrian. Bart, ikasleen kontra kargatu du Espainiako Poliziak Txantrean (Iruñea), mobilizazio batean.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko urriaren 24a
Lehenago ere mobilizazio ugari egin izan dira LOMCEren kontra Iruñean, irudian ageri dena kasu.

Donostian, Bilbon eta Gasteizen UGT, CCOO eta EILAS sindikatuek deitu dituzte protestak.

Nafarroan, Hezkuntza Komunitate osoa

Nafarroan, aldiz, deialdia zabalagoa izan da. Sortzen Ikasbatuaz eta Herrikoak taldeek bultzatuta, Nafarroako Hezkuntza Komunitateko talde askok bat egin dute errebindikazio egunarekin; guraso elkarteek, sindikatuek, eta ikasle taldeek, kasu. Ondorioz, Nafarroako Hezkuntza Komunitatearen izenean bi manifestaldi antolatu dituzte. Bat Iruñean, 18:00etan, Autobus geltokitik abiatuta. Bestea Tuteran, 18:00etan, Plaza Berritik abiatuta.

Nafarroako Hezkuntza Komunitateak adierazi duenez, manifestaldia ez da protesta isolatua izango. Izan ere, urriaren 31an kontzentrazioak egingo dituzte ikastetxeetan, eta azaroaren 7an Hezkuntza Departamentuan horma irudia osatuko dute. 

Mobilizazioek José Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak ezarritako hezkuntza erreforma salatzea dute helburu –Wert legeak aldatuko duenari buruzko informazioa hemen–. Protestak ikasketa maila guztietan antolatu dituzte, haur hezkuntzatik unibertsitateraino.

Espainiako estatuan ere mobilizazioak

Espainiako estatuan, LOMCEren kontrako greba orokorra deitu dute hainbat gizarte eragilek, sindikatuk eta ikasle taldek. El Pais egunkaria grebaren zuzeneko jarraipena egiten ari da.