Hezkuntza lege berriak belaunaldi berrien "identitate, autokontzeptu eta adierazpen emozionaletan" izango duen eraginaren berri jaso du Diagonal hedabideak. Honen arabera, sexu heziketarako denbora ia ezerezean geratuko da LOMCErekin. Euskarara ekarri ditugu zenbait pasarte.
Sexu heziketa definitzen du hasteko artikuluaren egile Soraya Calvo Gonzalezek: “Ez da genitalen inguruko heziketa, ez 'koito-heziketa' eta are gutxiago haurdunaldiak eta gaixotasunak saihesteko heziketa. Sexu heziketak munduan kokatzen gaituen identitate sexualetik, pertsonak gainontzekoekin eta norbere buruarekin elkar eragiteko prozesuak lantzen ditu”.
Sexu heziketa beti eskolaz kanpoko eta zeharkako gaitzat hartu dela dio Calvok. Gaiaren inguruko edukiak denentzako derrigorrezko ikasgaietan txertatu izan dira: Biologian erreprodukzioa landu izan da, hizkuntza ikasgaietan komunikazioa eta Gorputz Heziketan gorputzaren zaintza, besteak beste.
Sexualitatean sakontzeko, LOEk (aurreko hezkuntza legeak) onartua zuen gorputzekin, gaitasun afektiboekin eta sexuen arteko errespetuarekin lan egiteko beharra hezkuntza etapa guztietan. Horretarako, 'Hiritartasuna' ikasgaia jarri zen martxan giza-sexualitatearen inguruko gaiak lantzeko, batez ere, honen alderdirik sozialena: familia eta harreman eredu berriak edo sexu-eskubideak kasu. Baina Calvok dio, “asmo oneko saiakeran” geratu zela ikasgaia, sexualitatea ez zelako bizi-prozesutzat jasoa izan.
Ezagutu erabaki ahal izateko
Orain, LOMCE legearekin are eta gehiago murriztuko da ikasgeletan sexu heziketa lantzeko denbora. 'Hezkuntza zibikoa eta konstituzonala' ezarriko da 'Hiritartasuna' ikasgaiaren ordez. Werten esanetan, “gai polemikoez libre” dagoen ikasgaia izango da eta genero ikuspegia hezkuntza-planetik at geratuko da.
“Espainiako Gotzain-konferentziak eta PPren gobernuak aditzera eman nahi dutenaren aurka, ikasgeletan sexualitateaz hitz egitea ez da diskurtsoa kondoian eta abortuaren ontasunetan zentratzea”, dio Calvok. Sexu-hezkuntzaren atzean, eta oro har giza garapenean oinarritutako hezkuntzaren atzean, funtsezko ideia dagoela azpimarratu du: “Ezagutzak aske egiten gaitu erabaki ahal izateko”.