argia.eus
INPRIMATU
LOMCEk aurreikusitako azterketak bertan behera utzi ditu Espainiako Kongresuak
  • Espainiako Kongresuko osoko bilkurak onartu egin du LOMCEk ezarritako ziklo amaieretako azterketen egutegia bertan behera uztea, PSOEren lege proposamen bat aintzat hartuta. 186 diputatuk bozkatu dute alde, 112k aurka eta 41 abstenitu egin dira.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko apirilaren 05a
LOMCEk aurreikusitako azterketen aurkako mobilizazioa (Arg.: Hezkuntza Plataformen Topagunea).

Lehen Hezkuntza bukaerako proba bertan behera utziko luke lege aldaketak; DBH eta Batxilergo amaierako azterketak ere etengo lituzke –Espainiako Gobernuak ez du onartu horiek arautzen dituen dekreturik–.

Lege aldaketa denez, Espainiako Kongresuak eta Senatuak onartu behar dute. Beraz, Espainiako Gobernua osatu ezean, eta hauteskundeak errepikatu behar izanez gero, ez litzateke aldaketa gauzatuko: Parlamentua desegin beharko litzateke, eta ez legoke nahikoa denborarik legea tramitatzeko.

Azterketak etetea helburu

LOMCEk azterketak ipintzen ditu Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergo amaieran. Lege proposamen horren helburu nagusia da azterketa horiek etetea. Lehen Hezkuntzako azterketek ez dute eragin akademikorik; hau da, azterketa horiek gainditzea ez da beharrezkoa kurtsoz pasatzeko.

Dena den, hezkuntza eragileek salatu dute ikasleen arteko lehiakortasuna eragingo lukeela neurri horrek, ikasleen arteko ranking-ak sortuko liratekeelako. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua azterketa horren aurka daude.

DBHko eta Batxilergoko amaierako azterketak gainditzea ordea, ezinbestekoa da titulua lortzeko. Azterketa horiek ezinegon handia sortu dute hezkuntza eragileen artean;  LOMCE legea eten ezean, hurrengo ikasturtean hasiko dira azterketak egiten, eta oraindik ez dute azterketaren inguruko informaziorik jaso.

PSOEri kritika

Lege proposamenak ziurrenik aurrera egingo badu ere, hainbat kritika jaso du Espainiako Alderdi Sozialistak. Izan ere, pasa den legealdian LOMCEren indargabetzea babestu zuen PSOEk. Orain, ordea, egutegia etetea eskatzera mugatu da, Ciudadanosekin egindako akordioa dela-eta.

Sozialistek, bere aldetik, adierazi dute “akordio politikoan eta sozialean” oinarritutako hezkuntza proiektua jartzeko lantalde bat osatuko dutela Ciudadanosekin batera. Lan zaila izango dute ordea, eta ikusi beharko da beraien arteko desadostasunei aurre egiten dien.