argia.eus
INPRIMATU
LOMCE legea indargabetzeko eskatu du Espainiako Kongresuko oposizioak
  • Espainiako Kongresuko oposizioko talde guztiek, UPyD-k salbu, LOMCE legea indargabetzeko eskatu dute. PSOE, Amaiur, Geroa Bai, EAJ, ERC, CiU, BNG, Ezker Anitza (IU, ICV eta Cha), CC eta Compromís-eko bozeramaileek Wert Legea atzera botatzeko dokumentu bat sinatu dute.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2013ko uztailaren 18a
Espainiako Kongresuko oposizioak LOMCE legea indargabetzeko eskatu du.

Gehiengo osoaz baliatuta, PPk asteartean ez ditu aintzat hartu oposizioak aurkeztutako hamaika osoko zuzenketa. Legea taldeen arteko kontsentsurik gabe egin dela, autonomia erkidegoen eskumenetan sartzen dela eta zenbait lekutan hizkuntza eskumenak ere urratzen dituela salatu dute.

Elkarrizketa ukatzea leporatu diote alderdi popularrari. Hezkuntza lege bat ona izan dadin eta luzera begira funtziona dezan kontsentsua beharrezkoa dela azpimarratu dute oposizioko taldeek. Hurrengo ikasturtea, beraz, LOMCE legea indargabetzeko lanekin hasiko dutela adierazi dute, onespen zabalagoa duen lege berri bat aurkeztearekin batera.

ERC pozik oposizioaren jarrerarekin

ERCko bozeramaile Joan Tardà gustura agertu da oposizioko taldeek kontsentsuz hartutako konpromisoarekin. Bestalde, esan du ERCk Wert legea Katalunian ez aplikatzeko eskatuko duela, “frankismo distilatua” delako.

CiUko Pere Maciasek bere aldetik horrelako lege baten aurrean kontsentsu beharra azpimarratu du. “Legeak luzera begira baliogarriak eta fidagarriak izan behar dute”.