argia.eus
INPRIMATU
LOMCE aplikatzea ezinezkoa dela dio EAEko Eskola Kontseiluak
  • EAEko Eskola Kontseiluak ezinezkotzat jo du LOMCE datorren ikasturtean ezartzea. Jose Ignacio Wert Hezkuntza Ministroak bultzatutako legeak dakartzan eragin negatiboak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ahalik eta murritzenak izan daitezela eskatu dio Eskola Kontseiluak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.

Ane Lusarreta 2014ko martxoaren 04a
Bilbon LOMCEren kontra egindako elkarretaratzea (argazkia: El Diario Norte).

Guraso, irakasle, ikasle eta Eusko Jaurlaritzako zenbait ordezkarik osatzen duten Eskola Kontseiluaren esanetan Wert legearen ezarpenak atzerapauso larriak ekarriko dizkio hezkuntza sistemari.

Kontseiluak adierazi du onartezina dela idatzizko azterketa bakarrak ikaslearen etorkizuna baldintzatzea. LOMCE legeak azterketa orokor bat proposatzen du, ikasleak ikasketekin jarraitu ote dezakeen zehazten duena.

Derrigorrezko ikasketetan nerabeak arlo akademiko eta profesionalen baitan talde desberdinetan banatzea “neurri atzerakoia” dela baieztatu du EAEko Eskola Kontseiluak.

Legeak, gainera, ikastetxe eta irakasleak ere estu lotzen ditu, gai ordena zorrotzak ezarriaz. Irakasleek inguruari dagokion irakaskuntza metodoa garatu ahal izatea eragozten du Wert legeak.

Konpetentzia guztiak zuzendariaren baitan uzten ditu LOMCEk, ikastetxeetan guraso eta irakasleek duten parte hartzea mugatuz.