argia.eus
INPRIMATU
Lobby elektrikoaren presioak EBren klima politika ahuldu du
  • Europar Batzordeak klima aldaketari aurre egiteko helburu berriak aurkeztu ditu. Gizarte mugimenduko hainbat eragilek atzerapauso nabarmenak iragarrita zituzten; azkenean haien beldur guzti-guztiak gauzatu ez badira ere, elkarte ekologistek gogor kritikatu dute EBren proposamena. Greenpeacek, berbarako, orain arteko europar klima politikari traizio egin zaiola esan du.

Unai Brea @unaibrea2 2014ko urtarrilaren 22a

Orain arteko planak, 20-20-20 izenaz ezagutu izan denak, 2020. urtea zuen helmuga, eta hiru helburu zituen ezarrita. Batetik, negutegi efektuko gasen igorpena %20 murriztea. Bigarrenik, energia berriztagarrien portzentajea, energia gastu osoarekiko, %20ra iristea. Bi horiek lotesleak ziren. Hirugarrena, borondatezkoa, efizientzia energetikoa %20 hobetzea zen, era horretan kontsumoa gutxitzeko. Plan horrek alderdi eztabaidagarriak zituen, baina orobat egokitzat jotzen zuten are EBren politikekin kritikoen agertzen zirenek ere.

Zer aldatu da

Igorpenak. Plan berriak 2030erako helburuak ezarriko ditu. Batetik, igorpenen murrizketa portzentajea nabarmen igo da, %40raino (azkenik %35ean gera liteke), eta loteslea izaten jarraituko du. Alabaina, portzentaje hori Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldeak (IPCC) gomendatu duen %50-60aren oso azpitik dago.

Energia berriztagarriak. Hainbat elkarte ekologistak iragarri –eta gogor kritikatu– zuten Europar Batzordeak igo egingo zuela mix energetikoan berriztagarriek izan beharreko gutxieneko portzentajea (20tik %25 ingurura), baina helburu hori loteslea izan gabe. Azkenik, EBk amarrua egin du: portzentajea igo da, %27ra hain zuzen, eta derrigortasuna mantenduko da, baina EB osorako baino ez. 2020rako planean, estatu bakoitzak nahitaez bete beharreko gutxieneko portzentaje bat zeukan ezarrita, baina derrigortasun hori ez dute 2030erakoan. Baldintza horietan helburu globala nola lortuko den ikusteko dago.

Bestalde, guztizko portzentaje-igoera oso motz geratu da Greenpeacen ustez, Europar Batasunak kontsumitzen duen energia guztiaren erdia iturri berriztagarrietatik lortu bailezake aparteko arazorik gabe. Bestela esanda, %27ko portzentajea betetzeko "errazegia" da (kontuan hartu behar da dagoeneko %16ra iritsi dela).

Efizientzia. Europak bete egingo ditu igorpenei eta berriztagarriei zegozkienez 2020rako ezarrita zeuzkan helburuak, ez ordea efizientziarena. “Loteslea ez dena, ez da betetzen”, gogorarazten du Greenpeacek. Proposamen berriak ez du hori konponduko, EBk uko egin dio oraingoz arlo horretan helburuak zehazteari. 

Lobbyen lana gertutik segitzen duen CEO elkartearen esanetan, konpainia elektriko handiek presio itzela egin dute EBk haien nahietara moldatutako plana ondu dezan –ikus joan den astean argitaratu genuen erreportajeko lehenbiziko koadroa–, eta gaur aurkeztutakoa horren emaitza da.

Planaren behin betiko forma, hala ere, ez dugu martxora arte ezagutuko. Europar Batasuneko estatuburu guztiak bilduko dira orduan, eta haiek eman beharko diote erabateko onespena gaur Batzordeak aurkeztutakoari.