argia.eus
INPRIMATU
Lezoko Lobato Etxea huste arriskuan dagoela jakinarazi dute
  • Lezoko Lobato Etxetik mobilizatzeko deia egin dute eta "erresistentziaz laguntzeko" prest dauden pertsonei jakinaraztea eskatu dute. Hilabete dute legezko errekurtso bat egiteko, baina uste dute edozein unetan gerta litekeela etxearen hustuketa.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 21

Lezon dagoen (Gipuzkoa) Lobato Etxetik jakinarazi dute huste arriskuan daudela astelehenetik. Mobilizatzeko deia egin dute: "Zenbat eta gehiago izan, orduan eta zailagoa izango da gure historia ezabatzea".

Haien esanetan, Lezoko Udalak etxea ikuskatu nahi du, "hondamendi egoeran deklaratzeko" eta epaitegietan ebatzi aurretik botatzeko. Ikuskapenaren aurka jarri ez diren arren, atzeratzen saiatu direla esan dute: "Ikuskapena atzeratzen saiatu gara, bistakoena konpontzeko denbora irabazteko eta ikuskapen inpartzialagoa egingo duen arkitekto bat lortzeko".

Hilabete dute legezko errekurtso bat egiteko, baina uste dute edozein unetan etor daitezkeela Lobato etxetik kaleratzera, hondamendi egoera deklaratu dutelako eta "zikin jokatzen" ari direlako, jakinarazpenik eman gabe.

Duela 24 urtetik dago eraikina okupatuta, etxebizitza gisa. Oarsoaldeko okupazio mugimenduan erreferentzietako bat da proiektua.

ZUZENKETA: Albiste honen lehen bertsioan genioen Lobato Etxea Oreretan zegoela. Akatsa da: Lezon dago. Zuzendu dugu albistea.