argia.eus
INPRIMATU
Lituaniak COVID-19aren aurkako 440.000 txerto Bangladeshera bidaltzea ukatu du, Errusia ez gaitzesteagatik
  • Bangladeshek ez zuen Nazio Batuen Erakundearen bilkuran Errusia Ukrainako inbasioagatik gaitzetsi, eta Lituaniak herrialde asiarrera koronabirusaren aurkako 440.000 txerto bidaltzea ukatu du.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2022ko martxoaren 09a
Argazkia: UNICEF

Lituania Errusia gaitzesten ez duten herrialdeen aurkako erabakiak hartzen hasi da. Nazio Batuen Erakundearen azken bilkuran, Bangladeshek ez zuen Errusia Ukrainan egiten ari den inbasioa gaitzetsi, eta Itsaso Baltikoko herrialdeak gelditu egin du Bangladeshera koronabirusaren aurkako 440.000 txerto eraman behar zituen itsasontzia.

Bangladeshek ia bi milioi koronabirus kasu izan ditu 2020. urtean lehen kutsatua antzeman zutenetik, eta 30.000 pertsona inguru hil dira. Nazioarteko Diru Funtsaren datuen arabera, biztanleko barne produktu gordinaren zerrendan 136. herrialdea da Bangladesh (guztira 187 herrialde daude zerrenda honetan). Bangladeshen, biztanleriaren %53ak bakarrik jaso ditu bi txerto, Our World in Dataren arabera.

Munduko farmazeutika nagusiak txertoak komerzializatzen hasi zirenetik, ezberdintasun handia egon da herrialde garatuek eta azpigaratuek jaso dituzten txertoen kopuruan, eta hau garbi ikusi daiteke txertoa jaso duen biztanleriaren ehunekoa adierazten duen mapan. Afrikan, adibidez, Maroko, Tunisia, Ruanda eta Botsuana dira txertatutako biztanleriak %50eko langa gainditzen duen herrialde bakarrak.

datosmacro.com