argia.eus
INPRIMATU
Litroko 20 zentimo gutxiago ordainduko da erregaia Hego Euskal Herrian
  • Pedro Sanchez Espainiako presidenteak iragarri ditu Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoei aurre egiteko neurriak. Apirilaren 1ean sartuko dira indarrean, eta ekainaren 30era arte iraungo dute.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 28a

Guztira 16.000 milioi euroko plana abiatuko du Espainiako Gobernuak; astelehenean aurreratu ditu neurriak Sanchez presidenteak, eta asteartean onartuko dituzte Ministro Kontseiluan. Ondo bidean, Hego Euskal Herrian ostiraletik aurrera litroko 20 zentimo gutxiago ordaindu beharko da erregaia. Horietatik 15 Espainiako Gobernuak ezarriko ditu, eta gutxienez beste 5 petrolio konpainiek. Berria.eus-en mapa interaktibo bat osatu dute, non Euskal Herriko gasolindegietako prezioak eguneratuta kontsultatu daitezkeen.

Beste neurrik batzuk ere jakinarazi ditu Sanchezek, apirilaren 1ean abiatu eta ekainaren 30era arte luzatuko direnak. Besteak beste, alokairuen igoera gehienez %2koa izango da eta bizitzeko gutxieneko diru sarrera %15 handitzea aurreikusi dute. Energiaren prezioari dagokionez, espero dute argindarraren eta gasaren prezioa jaistea. Halaber, garraio enpresei bideratutako 450 milioi euroko funts bat zabalduko da datozen hiru hilabeteetarako.