Mireia Gabilondo: "Literaturatik zinemara pasatzeko arriskuetako bat izan daiteke liburuan bakoitzak modu abstraktuan imajinatu dugun horri guztiari izaera oso konkretu bat ematea (...) Idazlearen baimena izanda, eraman daiteke istorioa beste toki batera, eman dakioke beste ikuspuntu bat... eta hori ere polita da".
Aitzpea Goenaga: "Ederra da nobela bat iruditan nola kontatuko zenukeen ariketa egitea (...) Antzezlanetatik izugarri film politak egin izan dira, eta baita nobeletatik ere. Eta komedia nahiz drama, edota nobelatan oinarritutako thriller edo abenturazko film izugarri onak badira".
Kirmen Uribe: "Literaturaren eta zinemaren lengoaiak desberdinak dira, batak kontatzen du hitzekin eta besteak irudiekin. Nobela batek bide asko har ditzake (...) Zineman kontakizuna da inportanteena, kontakizun klasikoa".
Unai Elorriaga: "Aspaldian ikasten ari naizenari tiraka, esango nuke edozein literatur lan bihur daitekeela pelikula (...) Zinemak abiapuntu moduan har dezake literatur lan bat baina aparteko artelana egin nahi duenez, bere bideari ekin behar dio hasieratik bertatik".
Harkaitz Cano: "Esango nuke elkarrizketa informal batean lagun bati haren gertakizuna ahoz azaltzeko gai garen liburu horiek direla egokienak zinemara pasatzeko (...) Gidoi gehienak aspergarriak dira irakurtzeko". (2007-09-22)