argia.eus
INPRIMATU
“Liskarra nahi dutenei aukera ez emateko” bertan behera utzi du Sarek Arrasateko manifestazioa
  • Sarek Arrasaten larunbatean egin behar zuen martxa bertan behera geratuko dela jakinarazi du prentsaurrekoan. "Bizi osorako zigorrik ez! Giza Eskubidea, elkarbizitza, konponbidea" leloa zuen mobilizazioaren harira, "giza eskubideen aldeko ekimenak kriminalizatzeko" saiakera izan dela salatu dutela. Manifestazioaren partez, herrietan elkarretaratzeak egitera dei egin dute.

Axier Lopez @axierL 2021eko irailaren 17a
Argazkia: Sare

"Giza eskubideen aldeko mobilizazio hau hutsaltzeko eta kasu batzuetan kriminalizatzeko ahalegina egin da", adierazi dute Begoña Atxa eta Joseba Azkarraga Sareko kideek Arrasaten ostiralean egindako prentsaurrekoan. Kasuak, Besteak beste, VOX-ek eta PPk hauspotuta, zabalpen mediatiko handia izan du azken egunotan manifestazioak, Unai Parot presoaren aldeko mobilizazioa dela salduta.

31 kilometroko ibilaldia zegoen prestatua larunbaterako Arrasaten, presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzea eskatzeko, eta Unai Paroten salbuespenezko egoera amaitzea galdatzeko. "Mesede eskasa egingo genioke gure herriari eskubideen urraketa horren aurrean isilik geratuko bagina, biktimei min handiago eragiten iela dioen argudio faltsua erabilita", adierazi dute prentsaurrekoan. Elkar ulertzeko espazioak bilatzeko unea dela iritzita, "xede poliko edo ideologikoak tarteko, etsaitzeko, hutsaltzeko eta manipulatzeko jarrerei" ez diete aukerarik eman nahi.

Horregatik, Arrasatera "liskarrak eragitera etortzeko asmoa zutenei" –PPk eta Voxek ekitaldiak sustatu dituzte zapatuan Arrasaten– betarik ez emateko,  mobilizazioa bertan behera utzi eta herri guztietan elkarretaratzeak antolatzeko deia egin dute, lelo berari eutsita: "Bizi osorako zigorrik ez! Giza Eskubidea, elkarbizitza, konponbidea".