argia.eus
INPRIMATU
Lindanoz kutsatutako Oiolako urtegian europarlamentarioak bisitan
  • Oiolako Urtegiaren Deskonexioaren Aldeko Plataformako kideek ondo ezagun dute Europako Legebiltzarrera joateko bidea. Orain, berriz, hango diputatu biri egokitu zaie Barakaldora bisita egitea: EH Bilduko Josu Juaristi eta Izquierda Unidako Marina Albiol. Biek ala biek gertutik ezagutu dute Oiola.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko azaroaren 27a
Josu Juaristi (EH Bildu), Marina Albiol (IU) eta bisitaldia antolatu duten talde ekologistetako kideak, urtegiari begira (Arg.: Ekologistak Martxan).

Ekologistak Martxan taldeak lindanozko kutsaduraren aurka sustatutako kanpainaren barruan dago ekimena. Elkarteak lortu izan du Europako legebiltzarkide batzuek interesa agertzea Espainiako Estatuan pestizida horrek kutsadura gehien eragin duen hainbat gunetako egoera dela eta. Batik bat Barakaldo, Borobia (Gaztela-Leon) eta Sabiñanigo (Aragoi). Lehen bietan izan dira europarlamentarioen bisitaldiak. Euskal Herriaren kasuan Eguzki elkarteak ere hartu du parte antolakuntzan.

Barakaldo eta Sestaoko milaka herritarrek hartzen dute ura Oiolatik, nahiz eta azkenaldian hornikuntza etenda egon. Hala ere, neurria behin-behinekoa da. Deskonexioaren Aldeko Plataformak eskatzen du etena behin betikoa izan dadila kutsadurarik ez dela egongo erabat ziurtatu arte.

Gaur egun ezagun da Angela errekastotik iristen dela lindanoa urtegira, baina oraindik ez da aurkitu kutsatzailearen jatorrizko iturburua.

Kutsaduraren arazoari konponbidea eman dakion eskatu dute bisita antolatu duten tadeetako kideek.

Deskonexioaren Aldeko Plataformak erabateko etena eskatzen du iturburu hori atzeman eta ziurtatu arte Oiolan ez dela lindanorik sartuko. Haien esanetan, ez dago substantzia horren dosi segururik –legediak segurutzat jo arren kontzentrazio batzuetatik behera–, behin irentsita gorputzean metatu egiten baita.

Gainera, Oiolako ura ez erabiltzeak ez du hornidura arazorik eragiten, azken urteetan egindako behin-behineko etenaldietan agerian geratu denez.   

Bertoko erakundeek eskaria aintzat hartu ez eta Europarako bidea hartu zuten Oiola deskonektatzearen aldekoek; auzia Europako Parlamentuko Eskaera Batzordean aztertu da, eta bertako kide diren zein beste hainbat legebiltzarkideren arreta piztu du. Ekologistak Martxanek eskatu die lan egin dezatela 2016an europarlamentari eta funtzionarioen bisita ofizial bat antola dadin eta kutsadura ezabatzeko diru-funtsak martxa jar daitezen.

-Oiolako urtegiari buruzko bideoa: "Uraren kutsadura Ezkerraldean, konpondu gabeko arazoa"

-Oiolari buruzko artikuluak ARGIAn: http://www.argia.eus/oiolako-urtegia