argia.eus
INPRIMATU
L'ile aux Basques, Euskaldunen Uhartea Quebec-en
2003ko ekainaren 07a

Jon Torner jontorner@argia.eus
Joan Fontcuberta argazkilari katalanak Quebec-era (Kanada) eginiko bidaia batean izen berezia duen irla bat ezagutu zuen "kasualitatez": L'île aux Basques. Euskaldunen Uhartea, alegia. XVI. mendetik aurrera baleak harrapatzera joaten ziren euskaldunek bertan hartzen zuten atseden eta gaur egun ere euskal arrastoak aurki daitezke inguruan. Bale arrantzale euskaldun horien balentriak oinarri harturik, Fontcubertak "Euskaldunen Uhartea" izeneko erakusketa paratu du Gasteizko Artium museoan. 55 argazki, balea baten hezurdura eta hainbat objektu arkeologiko aurkituko ditu besteak beste bisitariak. Erakusketa bitxia da, errealitatearen eta fikzioaren artean dagoena. Irailaren 21era bitartean zabalik izango den erakusketak espedizio baten testuingurua berregiten du Quebec eta Euskal Herriko hainbat museotatik lortutako objektu arkeologikoen (arpoi, moskete, bolbora-ontzi eta abarren), mapa eta grabatuen, maketen eta balea baten hezurdura osoaren bidez. Horiez gain Joan Fontcubertaren 55 argazki biltzen ditu "Euskaldunen Uhartea" erakusketak. Argazkietan paisaiak eta itsasontzi bateko irudiak ikus daitezke. Balea arrantzaleen bizitza nolakoa zen kontatzen dute argazkiek eta horietako batzuetan Fontcuberta bera agertzen da itsasgizonez jantzita. Hori dela eta, ikusleak zalantzak izan ditzake erakusketaren sinesgarritasunaz, baina "hori da irudi horien anbiguotasunaren eta tonu parodikoaren helburua, bisitariengan Euskaldunen Uhartearen egiazkotasunari eta zinezkotasunari buruzko zalantza sorraraztea". Fontcubertak erakusketaren abiapuntua benetakoa dela dio. Besteak beste, L'île aux Basques Quebec hiritik 200 kilometrora dagoela eta 2 kilometro luze eta 400 metro zabal dituela esan zuen erakusketaren inaugurazioan. Arrantzale euskaldun ausarten omenez Fontcubertaren azalpenek erakarrita, uharteari buruzko gauza gehiago ezagutzeko Internetera jo dugu guk. Informazio interesgarria eskuratu dugu bertan. Argazkilariak baieztatu bezala, L'île aux Basques Quebecen dago, Bas-Saint-Laurent eskualdean. Eskualdea hainbat komunitatetan banaturik dago eta horietako bat Les Basques da. Komunitateari buruzko informazioa www.info-basques.com helbidean eskura dezakezue. Les Basques komunitateko hiri bat 3750 biztanle dituen Trois Pistoles da eta bere parean dago Euskaldunen Uhartea. Uharteari buruz hitz egiten hasi aurretik Les Basques-eko mapa hauek ikusi ditzakezue, Quebec-eko zein lekutan gabiltzan zehatz-mehatz jakin dezazuen. Bigarren mapan ez da L'île aux Basques azaltzen, baina San Lorenzo ibaiaren estuarioa bai. Bertan dago, hain zuzen ere, Euskaldunen Uhartea, beste mapa honetan ikus daitekeen moduan. Irla non dagoen ezagututa, hari buruzko datu gutxi batzuk emango ditugu jarraian. Izena, Fontcubertak azaldu bezala, fokak, mazopak eta baleak harrapatzera joaten ziren arrantzale euskaldun ausartei zor die uharteak. Hala irakur dezakegu 1929az geroztik irla zaintzearen ardura daukan Societé Provancher elkartearen web gunean. 1580 eta 1630 urteen artean itsas-ugaztun hauen koipea urtzeko labeak eraiki zituzten bertan euskaldunek. Garai hartan erregai moduan erabiltzen zuten europarrek koipea. Hots, argia egiteko. Egun labe horietako hiru aurki ditzake bisitariak Euskaldunen Uhartean. Horietako baten argazkia ikus dezakezue Provancher elkartearen web guneko azalean. Bestalde, Faunaren Zerbitzu Kanadarrak (SCF) ere tartetxo bat eskaintzen dio Euskaldunen Uharteari bere web gunean. Hara iristen diren hegazti migratzaileak ditu hizpide SCF zerbitzuak. Paba parkea eta frontoia Trois Pistoles herrian Paba dago, Amerikako Euskal Abenturaren Parkea. Balearen arrantzari eta Euskaldunen Uharteari buruzko museo txiki bat eta kultur ekitaldiak jasotzen dituen areto bat ditu besteak beste parkeak. Baita pareta bakarreko frontoia ere. Bertan hainbat partida jokatzen dituzte urtean Euskal Pilota Elkarteko kideek eta Frantzia nahiz Ipar Euskal Herriko pilotariek. Horrek eta aipatu orrialdeek biltzen dituzten loturek argi erakusten dute Quebec-eko txoko horretan euskal nortasuna neurri batean bederen bizirik dagoela. Elhuyar-ek plazaraturiko hainbat artikulu baleari eta balearen arrantzari buruz: - Euskal Herriko kostaldeko hainbat espezie mehatxupean (2002/07/01) - Balea-ehiza: zientziaren izenean zuritzen den jarduera (2002/04/07) - Lurreko ugaztunen eta baleen arteko zubia (2001/09/20) - Euskal balea, mitoa baino gehiago (1995/06/01) - Baleen sekretuak (1991/09/01) - Bale arrantzaleak (1991/07/01)